euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New York Times-ek Hondarribiak bizi duen 'eztanda gastronomikoa' eta bertako euskal sukaldaritza laudatu ditu

2010/08/10

Hondarribiako Sugarri-ko mokadu bat: arrautza, txanpinoia, azalorea eta brokolia (argazkia MatiasCosta-NYT)
Hondarribiako Sugarri-ko mokadu bat: arrautza, txanpinoia, azalorea eta brokolia (argazkia MatiasCosta-NYT)

PUBLIZITATEA

New York Times egunkari iparramerikar prestigiotsuak artikulua argitaratu zuen uztailaren 29an Hondarribia eta bertako sukaldaritza arloko panorama ardatz hartuz, gipuzkoar kostaldeko herri tipi honek bizi duen 'eztanda gastronomikoa' aipatuz eta hainbat laudorio jaurtiz eta aholkuak emanez bertara hurreratu eta bazkari oso bat egiteko zein pintxoak jateko plazera hartuz bertako chef gazteen lana dastatu nahi dutenei. Kalitatea, tradizioarekiko lotura eta bertako produktu hautu eta freskoak erabiltzea dira egunkariak aipatzen dituen giltzarrietako batzuk, herriko zenbait jantokitan ari diren sukaldari gazteek baliatzen dituztenak, Hondarribiaren gomendio irmoa egiteko egunkariaren orrialdeetan.

New York, Estatu Batuak. New York Times egunkarian argitara eman duen artikuluan, Ingrid K. Williams kazetariak harriotuta eta xehetasun osoz deskribatzen du Hondarribiako Gran Sol tabernako Bixente Muñoz sukaldariaren Jugo de verduras en una nube de Jaizkibel (Barazki zukua Jaizkibelgo hodeian) izeneko pintxoa, aho zabalik geratua balego bezala, esaten duelarik, gainera, hori "Hondarribian lanean ari den chef gazte talentudun taldeak garatzen duen sukaldaritza berritzailearen adibide estonagarri bat baino" ez dela.

A Dining Explosion in a Tiny Basque Town (Eztanda gastronomikoa euskal herriska txiki batean) du izena artikuluak eta Gorka Txapartegi eta Bixente Muñoz sukaldari hondarribitarren zenbait adierazpen eta iritzi biltzen ditu, bertako sukaldaritzaz dauzkaten ikuspuntuak agertuz, bertako jatetxeak aipatuz eta bertako plateretako batzuren aipu zehatza eginez; besteak beste aipatzen dira, esaterako, Arroka Berri, Laia, Sugarri eta Abarka jatetxeak; eta Gran Sol, Enbata eta Ardoka pintxo tabernak; eta baita lo egiteko leku batzuk ere, hala nola Hondarribiko Paradorea eta Obispo eta Jaizkibel hotelak.

Erreportajeak laudatu egiten du Hondarribia eta bere gastronomiaren kalitatea, esanez hain zuzen ere egun osoa eman daitekeela bertan, "hau da sekula dastatu dutan gauzarik onena" behin eta berriro marmarka.

-Artikulua bere bertsio originalean, NYTen, hemen
-Hondarribiari buruzko argazki-bilduma (slide-show) NYTen, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia