euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New York izango da datorren asteazkenean hasiko den Basque Filme and Media Arts Festivalaren egoitza

2007/03/23

Borja Cobeaga eta Koldo Serrak (irudiaren eskuinean) beraien lanak New 
York-en erakutsi eta bertako zinema ikasleekin bilduko dira
esperientziak trukatzeko
Borja Cobeaga eta Koldo Serrak (irudiaren eskuinean) beraien lanak New York-en erakutsi eta bertako zinema ikasleekin bilduko dira esperientziak trukatzeko

PUBLIZITATEA

Euskal Zinemagintzaren egoitza bilakatuko da datorren astean Manhattango (New York) Tribeca Cinema. Astezkenetik ostiralera Basque Filme and Media Arts Festival izenekoaren lehen edizioa burutuko da bertan Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udalaren ekimenez. Filmeak, baina, ez dira bakarrik joango industriako eragile eta zuzendariak ere bidaiatuko baitira Estatu Batuetara. Egitaraua ikus-entzunezkoen emanaldiek, bi herrialdeetako sektoreko enpresarien arteko bilerek eta errealizadore berriek ikasle amerikanoei emango dieten mintzaldiek osatuko dute.
Euskal zinemak Euskal Herria utzi eta New York-erako bidea egingo du datorren astean. Horrela iragarri zuten atzo egindako prentsaurrekoan Basque Film and Media Arts Festivalaren arduradunek. Jaialdia datorren asteko asteazkenean, ostegunean eta ostiralean egingo da, esan nahi baita martxoaren 28, 29 eta 30ean. Fikziozko filme luzeak ez ezik beste ikusentzunezko produktuak ere izango dira ikusgai Manhattan-en Robert de Niro aktore ospetsuak duen Tribeca Cineman, hala nola telebista saioak, dokumentalak edota animazioko filmeak. Goizetako saioak soilik sektorean dihardutenentzat izango dira, eta arratsaldetakoak publiko orokorrari irekiko zaizkio. Antolatzaileek hiri horretako euskaldunei deia luzatu diete euskal zinemaz gozatzera bil daitezen.

Estatu Batuetako eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen industrien arteko zubi lanak egin nahi ditu Basque Film and Media Arts Festival izendatu duten honek. Bestalde, erakuslehio izateaz gain merkatua ere izango da, Atlantikoaren bi aldeetako ikus-entzunezkoen sektoreko kideen arteko bilerak ere antolatu baitira. Ekimena Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko udalaren proiektu amankomuna da eta bi erakundeon artean 250.000 euro bideratu dituzte jaialdia antolatzeko. Antolakuntza, bestalde New Yorkeko Euskal Etxearekin harremanetan jarri da, eta gonbidapenak zein informazio zabala bidali dizkie.

Zinemagile berrien erakuslehio

Lan ugariz gozatu ahal izango dituzte festibalaren ikusleek eta baita mota askotakoak ere. Zuzendari ezagunen lan zaharrek eta zuzendari gazteen filme berriek egingo dute Sagar Handirainoko bidaia. Lehenengo taldekoen artean pantailaratuko dira, besteak beste, Julio Medem-en ‘Euskal Pilota’ dokumentala, Bajo Ulloaren ‘Airbag’ edota Alex de la Iglesiaren ‘La Comunidad’. Hasiberriei dagokienez, Koldo Serraren ‘El bosque de las sombras’, Kepa Sojoren ‘El síndrome de Svensson’ eta Alberto Gorritiberea-ren ‘Eutsi’ luzemetraiek izango dute bere tartea. Gorritiberearen luzemetraia berriki estreinatu da Euskal Herriko zinemetan eta, momentuz, euskara hutsez aretoetara eramandako azken pelikula da.

Jaialdiaren beste alor batek euskal zuzendariak eta New Yorkeko bi ikusentzunezko eskolatako ikasleak batuko ditu. Izan ere, Koldo Serra zuzendari bizkaitarra eta Borja Cobeaga donostiarra amerikar zinemagile izango direnekin elkartuko baitira euren lanen inguruko azalpenak eman eta esperientziak trukatzeko. Atzo Bilbon egin zen aurkezpenean egon zen Serrak luxutzat jo zuen horrelako ekimen batean parte hartzeko aukera izatea eta bere lana hiri hartan gisa honetan erakutsi ahal izatea.

Izan ere, horrelako ekimen bat antolatzen den lehenengo aldia da, eta antolatzaileak itxaropentsu azaldu dira emaitzei buruz. Ikusentzunezko euskal sektorekoek ere ideia ona eta errepikatzeko modukoa izango dela uste dute, nahiz eta oraindik ez daukaten argi noiz edota zein litzatekeen formaturik egokiena.


Lotura interesgarriak

Jaialdiaren webgunea eta egitaraua
www.basquefilmfestival.com

New York-eko Euskal Etxea
www.eeny.org

Un vasco en Nueva York Bloga
www.eitb24.com

Black On the moon euskal filmea Alemanian
2007ko otsailaren 19an EuskalKultura.com-en argitaratua


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia