euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Orleanseko euskal etxeak Aberri Egunerako egitarau zabala prestatu du: zinea, afari eta dantzaldia

2014/04/01

Labasco (Louisiana Basque American Society & Cultural Organization) de New Orleanseko euskal etxearen izen ofiziala
Labasco (Louisiana Basque American Society & Cultural Organization) de New Orleanseko euskal etxearen izen ofiziala

PUBLIZITATEA

Louisiana Basque-American Society & Cultural Organization (LABASCO) euskal etxeak Aberri Eguna ospatzeko egitarau oparoa prestatu du aurten. New Orleans hirian egingo da topaketa, apirilaren 20an eta bertara bilduko dira estatuko euskaldunen ondorengoak eta gonbidatuak. Euskal etxeak zine emanaldiak, dantza erakustaldiak eta Louisianako euskaldunei buruzko hitzaldia eskainiko ditu, afari eta ikuskizunarekin batera.

New Orleans, AEB. Louisiana Basque-American Society & Cultural Organization (LABASCO) elkarteak Aberri Eguna ospatuko du datorren apirilaren 20an, afari batekin eta hainbat kultur ekitaldiekin. Euskal Etxea Louisiana estatuko euskaldunen bilgunea da eta New Orleans hiri ezaguna du topagune. Bertako euskal komunitatea ez da Idaho eta Kaliforniakoak bezain ezaguna, baina LABASCOko sortzaile Michel-Antoine Goitia-Nicolás ikertzaileak dionez aspaldikoa eta sendoa da, izan ere "1698an heldu ziren aurreneko euskaldunak".

Aberri Eguneko festa New Orleanseko Galvez jatetxean egingo da eta 14:00tan hasiko da, bi dokumentalen emanaldiarekin: "Orson Welles in the Basque Country" eta "Ama Lur". Ondoren, dantza erakustaldia egingo da, bertako "Komenka Ethnic Dance & Music Ensemble" taldearekin, euskal dantza batzuk eta bertako folklorea eskainiz.

Alkateak eta piratak

Ondoren, Lousianako euskaldunen historiari buruzko hitzaldia emango du Michel-Antoine Goitia-Nicolásek. Gai honetan luze eta zabal ikertu du elantxobetarren ondorengo honek, eta bere esanetan "Cajun asko eta frantziar eta espainiar creole-ak egiaz euskaldunak dira", dio. "Kolonia garaiko Lousianako bederatzi gobernadore euskaldunak izan ziren, Louisianako aurreneko gotzain katolikoa ere; euskal jatorriko alkate asko izan dira, horien artean Etienne Mauleon, New Orleanseko aurreneko alkatea; baionarra zen Jean Seguin, New Orleanseko portua sortu zuena; Ajubitarrak, hasieratik Misisipi ibaian kapitainak izan zirenak, eta baita Jean Lafitte eta makina bat pirata ere". Pertsonaia eta familia hauei guztiei buruz hitz egingo du hitzaldian Goitia-Nicolásek. 

Eguna amaitzeko, afaria eta ikuskizunen ordua helduko da 19:00tatik aurrera. Afariaren menuan euskal-creol erako janaria zerbitzatuko da. "Ezin da New Orleansen jan euskal-creol familien ekarpena aintzat hartu gabe: Begue, Tujague, Galatoire, Casenave, Esparbe, Maylie eta Dufossat familiena, esaterako", segurtatzen du Goitia-Nicolásek. Afariaren prezioa 60 dolarrekoa da (50 dolar LABASCOko kide direnentzat). Tokia mugatua denez, antolatzaileek lehenbailehen erreserbatzea gomendatzen dute. Horretarako, jarri jatetxearekin harremanetan edo idatzi elkarteari e-maila, hona.

-Elkartearen webgunea, hauxe



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia