euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Mexico Euskal Etxea AEBetako estatu honetako euskal ondare historikoa berreskuratzeko lanean ari da

2007/12/06

New Mexico Euskal Etxeko bi kide Santa Feko Desfile Historikoan
New Mexico Euskal Etxeko bi kide Santa Feko Desfile Historikoan

PUBLIZITATEA

New Mexico Euskal Etxea 2004 urtean jaio zen, Suzanne Uberuagak sustatuta. Boisen jaioa eta hezia da Uberuaga eta New Mexicora heldu zenean euskal abizena zuten lagun asko topatu zituen, baina gutxik zekiten euskal jatorridunak zirenik. Euskal ondare --New Mexico-ren historian oso garrantzitsu-- hori ezagutarazteko asmoarekin sortu zen euskal etxea. Urtetik urtera ekintza eta bazkide gehiago biltzen ari dira eta dagoeneko euskal komunitatearen ordezkaritza eraman dute Santa Feko Desfile Historikora. News Bulletin egunkariak bildu du guk laburtu eta euskaratu dugun berri hau.
'Santa Fera bizitzera etorri nintzenean euskal abizena zuten lagun asko ezagutu nituen', gogoratzen du Suzanne Uberuagak. 'Nik "Euskalduna zara!" esaten nien eta eurek ordea "Ez, espainiarra naiz" erantzuten zuten. Baina begibistakoa zen: euren sudurrak, begiak, bekainak... Euskaldunak ziren eta ez zekiten'. Uberuagak orduan Basque Club of New Mexico (New Mexikoko Euskal Etxea) sortzea erabaki zuen, Euskal Herriko historia eta kultura ezagutarazteko estatu honetan.

Euskal etxearen helburu bat ustez espainiarrak diren abizenak euskaldunak direla argitzea da. Elkartearen informazio afitxetan estatuko familiei omen dagozkien euskal abizen batzuk aipatzen dituzte: Abeyta, Anaya, Apodaca, Archuleta, Arellano, Esquibel, Jaramillo, Larrañaga, Mendoza, Mondragon, Montoya, Perea, Quintana, Ruiz, Saiz, Salazar, Tapia, Ulibarri, Urioste, Velasquez eta Velarde, besteak beste. Uberuagak azaltzen duenez Santa Fe sortu zuten 14 familietatik 5 euskaldunak ziren, eta hala ziren baita ere Juan de Oñate eta Juan Bautista de Anza esploradore ezagunak.

Kultura gorde

Boisetarra da Uberuaga eta euskaldun tradizio handia duen hiri honetan ikasi zuen gaztetan euskal kulturari buruz. 'Nire ezagutza --dantzatzea, janaria-- familiarengandik jaso nuen. Beraiek lan handia egin zuten gure kultura gordetzeko Boisen eta euren omenez New Mexikon antzeko zerbait egin behar nuela pentsatu nuen'. Elkartea 2004ean sortu zen. Harrez gero bilkura ugari egin dituzte, azkena joan den urrian Mountainair-en. Hurrengoa datorren igandean izango da.

[Goiko irudian New Mexico Basque Club elkarteko piknik bat]

Euskaldunen topagune

Elkartearen bilkurak New Mexikoko euskal ondarea ezagutarazteko topagunea dira, Uberuagaren esanetan. 'Euskaldun orori erakusten zaio bere kultura zaindu behar duela', azaltzen du. 'Europako talde etniko zaharrenetakoa da. Desagertu ez izanak badu arrazoirik. Gure kultura eta tradizioak gordetzeko lanean aritzen gara'.

Jeanne Ardens, hirugarren belaunaldiko euskalduna da. Mountainair-eko bilkuran egon zen eta Basque Club of New Mexico-eko bazkide egin da. 'Kaliforniako euskal jaialdietan izana naiz eta oso atsegina da euskal jatorriko jende gehiago ezagutzea hemen ere', aitortzen dio News Bulletin-i.

Ardens-en familia Iparraldekoa da eta berak aitarengandik jaso zituen hainbat euskal usadio. 'Euskal kulturari buruz jakin beharreko guztia nekiela uste nuen, baina topaketa honetan jende berria ezagutu eta gauza berri asko aurkitu nuen. Bilkuran gainera nire aitaren lagun zahar baten semea aurkitu nuen eta une oso hunkigarria izan zen, bion aitak hilda baitaude'.

Gabonak Olentzerorekin

Orain euskal etxea bazkide gehiago egin nahian dabil, estatu osoan, eta Santa Fe hiriaren 400. urteurreneko ospakizunak antolatzeko batzordeko kide dira. 'Ohorea da antolakuntza batzordean egotea', adierazi du Uberuagak. Hurrengo bilkura datorren igande honetan bertan izango da, abenduaren 9an, La Casa Loma Club House-n (100 Rio Vista Place, Santa Fe). Gabonetako jaia egingo dute elkartekoek eta gonbidatu oso berezia izango dute gainera: Olentzero.


Lotura interesgarriak

New Mexico Euskal Etxea
www.buber.net/NMEE

'Basque Club upholds ancient culture'
www.news-bulletin.com

New Mexico Basque Club Santa Feko desfilean (erd.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko irailaren 9an

New Mexico Euskal Etxearen sorrera (erd.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko urtarrilaren 31an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia