New London Basque Fest-en bezpera: ordu gutxi falta hitzordu ederra dirudiena hasteko, triki-poteoan kantari
2018/06/23
Giro ederra New London-en ostiralean trikipoteoan; larunbateko euskal festako giroaren aurrekari (arg. EuskalKultura.com)
PUBLIZITATEA
Iritsi da New Londonen Basque Fest-en data. Zerua goibel, baina New Londonen larunbat goizeko lehenengo ordua denean ari gara idazten lerrook, eta badirudi oraindik aukera dagoela eguraldiak eguna apur bat errespeta dezan. Euria eginik ere, ekitaldiek aurrera egingo lukete, hiriko plaza nagusian ipinitako oihaldendapeak babestuta. Baina larunbateko gauzez astelehenean informatuko dugu. Gaurkoan, Basque Fest-en bezpera dugu aipagai. Hona ostiralean egindako trikipoteoko bideo eta argazkiak.
New London, AEB. New England Basque Club-ek New Londonen antolatu duen lehenengo Basque Festival handian parte hartu behar duten lehenengo musikari, dantzari eta artistak helduta, ostiral arratsalde-gauean egin zen programak agintzen zuen pintxo-potea. Gipuzkoako Foru Aldundiak bidalitako bi trikilariak --Iker Goiria Kanpo Harremanetarako zuzendaria ere eurekin etorri zen, espedizioburu-- arduratu ziren musikaz, eta jakina musika eta animazioa ekarri zutela, bertako euskaldun eta ez euskaldunen animatzaile.
Ostiralekoa, atarikoa besterik ez zen, Euskal Festaren programa osoa gaur larunbatean egingo baita, baina atariko ederra izan zen, animatua oso, musika, kantua eta batez ere giro ona eta gogoa faltatu zen zen hitzordua, gaur egunean zehar garatuko denaren adierazgarri. Geuk ere hara atera behar dugu, kabalkada edo desfilea herriko kaleetan zehar baita --hemengo alkatea buru-- gaur goizeko lehenengo ekitaldia, ondoren amerikar bandera eta ikurrina mastetara igo eta festa ofizialki inauguratutzat emango dute.
Baina hona bezperako irudi batzuk, astelehenean eskainiko dugun argazki- eta irudi-kronikaren aurrekari:
Bolondresak bezperan janaria prestatzen, ezkerretik eskuinera: Raul Blanco Basterretxea mutrikuarra, Boni Guenechea gernikarra, Juan Urquidi Alcibararrichuluaga Barinaga-Markinakoa eta Luis Aizpiri Arrillaga ondarroarra (arg. EuskalKultura.com)
Arratsaldean, triki-poteoa zegoen deituta: Gipuzkoatik etorritako trikitilariek ekarri zuten giroa (arg. EuskalKultura.com)
Euskaldunak kantari eta amerikarrak gustura entzuten. Bertako euskaldunentzat, gutxitan izaten duten aukera zen honelako trikitilariak festako parte izatea. Beraz, ongi baliatu zuten, ahal izan zuten guztia kantatzeko (arg. EuskalKultura.com)
Eta bideoak:
New Londongo taberna batean Boga Boga kantari. Erabat entsaiatu gabea izateko, ez dago ez, batere gaizki (irudiaEuskalKultura.com)
Xalbadorren heriotzean, bi bertsio bata bestearen segidan. Aupa New England Basque Club! (irudia EuskalKultura.com)