Bakersfield, AEB. Ohi denez, bero egin zuen Bakersfield-en besta ospatu zuten asteburuan, baina ez zuen horrek jendea etxean gelditu arazi. Alderantziz, aspaldiko jaialdirik jendetsuena ospatu zutela esan du Louis Iturririak: “Iaz baino berrehun bat lagun gehiago bildu zitzaizkigun, gogoan hartuta gainera iazkoan NABO bilera izan genuela festako programako parte, eta horrek ohi baino askoz jende gehiago ekarri ohi duela edozein euskal festara".
Asteburu osoan zehar bi mila pertsona inguruk parte hartu zutela adierazi dute klubeko arduradunek. “[Piknika] oso ondo antolatua dagoela diote –azpimarratu du Iturririak−, baina ez dakit zergatik zehazki den hain arrakastatsua. Egia da Euskal Etxe ederra dugula, (berriztatutako) frontoi batekin eta parke polit batekin. Edonola ere, argi dago AEBetan egiten diren urteroko (euskal) jaialdietan handienetako dela hau”.
New England-etik, bertako euskal etxetik, heldutako Riki Lasa aizkolaria harrituta geratu zen horrenbeste ume dantzan ikusita eta hala aitortu zion Louis Iturririari. “Inoiz, New England-en, horrelako zerbait egiteko gauza izatea nahiko lukeela esan zidan”. Dantza talde guztien emanaldiak baturik, ordu bi inguru iraun zuen erakustaldiak.
Herri Kirolak
Urtero bezala, bertakoez gain, Euskal Herritik etorritako esku pilota jokalariak aritu ziren frontoian −aurten Sergio Larraya, Inaki Etchegoin, Ibai Iriarte eta Asier Lopez Irigoyen− baina honakoan herri kirolek ere jendetza berezia erakarririk. Aizkolaritza norgehiagoka antolatu zuten Mendebaldeko eta Ekialdeko euskal kirolarien artean eta, azkenik, Juan Brana renotarrak (Nevada, AEB) eta Jose Tellechea novatoarrak (Kalifornia, AEB) osatutako bikoteak irabazi zuen. Beren aurkariak New England-etik bidaiatutako Riki Lasa bera eta Francisco Gandiaga izan ziren.
Enbor-mozketarekin batera, harri jasotze erakustaldia egin zuten bisitariek, egurrez egindako harri itxuradun pisuekin. Arrakastatsuak oso izan ziren herri kirolen txandak: “Harrituta nengoen, jendez lepo zeuden harmailak”, aitortu digu Iturririak. “Lehenago ere izan ditugu herri kirolak piknikean, baina aspaldi ez genuen horrelakorik antolatzen. Oso pozik zegoen jendea, horregatik heldu den urtean berriz ere ekartzen saiatuko gara”, emendatu du.
Gazte asko ditu Bakersfield-eko klubak eta herri kirol talde bat osatzea pentsatu ote duten galdetuta, esan digu ez dutela pentsatu, “ikusiko da, baina nahi izango balukete, animatuko ginateke”.
Mila esker, Kristie!
Kristie Onaindiarentzat ere aurtengoa piknik berezia izan da, 23 urtez umeen dantza irakaslea izan eta gero agur esan baitio zeregin horri. “Bere azken urtea izan da hau eta, piknikekoa, bere ikasleen buru ikusi duen azken emanaldia. Lan ikaragarria egin du. Euskal dantzak Bakersfield-en bizirik baldin badaude, neurri handi batean, berari esker da”, onartu du Iturririak. Jaialdiko liburuxkak ere Onaindiari eskainitako zenbait orrialde bildu ditu.