euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako Unibertsitateak Robert Laxalten Sweet Promised Land elaberriaren 50 urteak ospatuko ditu

2007/07/27

'Sweet Promised Land' udako irakurgai izango dute Nevadako Unibertsitateko ikasleek aurten
'Sweet Promised Land' udako irakurgai izango dute Nevadako Unibertsitateko ikasleek aurten

PUBLIZITATEA

'Nire aita artzaina zen, eta mendiak ziren bere etxea'. Esaldi soil baina emozioz betearekin hasten da Sweet Promised Land elaberria, Robert Laxalt euskalamerikarrak 1957an argitaratua. Estatu Batuetako euskal Diasporaren literaturaren erreferentzia da gaurdaino lan hau eta bere orrialdeetan ameriketaratu ziren artzainen bizimodu gogorra islatzen du, baina baita amerikar Mendebaldeko naturarenganako miresmena ere. Bere argitalpenaren 50 urteak betetzen diren honetan Nevadako Unibertsitateko ikasleek omenaldi onena egingo diote elaberriari: udan zehar irakurriz eta unibertsitate bizian debuta egiteko liburuari buruzko eztabaidak eta lanak eginez ikasturte hasieran.
Nevadako Unibertsitateak Udako Programa berezia antolatu du Robert Laxalten Sweet Promised Land elaberriaren 50. urteurrena ospatzeko. Liburuak Dominique Laxalten bizia dakarkigu, Zuberoatik AEBetara emigratzen duen gizonaren bizitza, Robert bere semearen ikuspuntutik. 1957an argitaratu zuten liburu hau best-seller-a izan zen, Mendebaldeko bizimodua eta emigranteen esperientzia islatzen zuen narrazio soil baina indarrez betearen eskutik. Ordutik hona hainbat edizio izan ditu liburuak eta euskara, gaztelera, frantsesa eta alemanera itzulia izan da. Orain Nevadako Unibertsitateak bere gaurkotasuna aldarrikatu nahi du, Nevadako gazte belaunaldi berrientzako erakargarria izaten jarraitzen duela frogatuz.

Aurtengo udan unibertsitateak 2011 urtean graduatuko diren ikasleei ongietorria egingo die eta unibertsitateko bizian sartzeko proiektu berezia burutzea proposatu diete. Udan zehar Sweet Promised Land irakurriko dute eta abuztuan, ikasturtea hasterakoan, ikasketa talde bereziak egingo dituzte unibertsitateko ikasle eta adituekin batera. 'UNRko bizitza akademikoan parte hartzeko lehen aukera izango da beraientzat, eta egia esan ezin dut horretarako liburu hoberik imajinatu’, adierazi du unibertsitateko lehendakari Milton Glickek. 'Gure helburua gazte hauen jakinmina piztea eta gizarteari ekarpena egitera animatzea da eta Sweet Promised Land irakurri eta eztabaidatzea aberasgarria izango da bide horretan’.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira, Dominique Laxalt eta Robert Laxalt idazlea, 1965an (argazkia Bill Balknap/UNR)]

ROBERT LAXALT, AEB-KO EUSKAL DIASPORAREN AHOTSA

Robert Laxalt Nevadan jaio zen 1923an, Dominique Laxalt zuberoarraren seme. Liginaga-Astuen jaioa zen Dominique, baina 16 urte zituenean AEBtara emigratu zuen, artzain lanean hasteko. Ameriketan ezagutu zuen Therese Alpetche, bere emazte eta sei seme-alaben ama izango zena. Artzaintza munduaren krisialdi batean Theresek Carson Cityko ostatu baten ardura hartu zuen, baina Dominiquek ez zituen inoiz artzain lana eta bizimodua utzi. Sweet Promised Land-en Robert semeak artzain uzkur eta bakarti honen bizitza kontatzen du, bihotza beti sorterriaren herriminak eta AEBtako mendi eta naturarekiko duen maitasunak zatituta.

Liburua Robert Laxalten lehen elaberria izan zen eta argitaratu zen unetik kritika oso onak jaso zituen. New York Times egunkari ezagunak zera idatzi zuen: 'Americana klasiko bezala errespetu unibertsala merezi zuela' lanak (Americana AEBtako Mendebalderuntzko zabalkunde prozesuan sorturiko musika, literatura, folkloreari ematen zaio izena da). Liburuan eta Laxalten beste 17 lanetan argi ikus daiteke idazleak ederki ulertzen duela naturak Mendebaldeko estatubatuarren bizitzan eta kulturan duen indarra; aitarengandik ikasitako lezioa, agian.

[Goiko irudian Dominique Laxalt arrantxuan lanean 1965an (argazkia Bill Belknap/UNR)]

AEBtako emigranteen lekukotasuna

Aldi berean liburuak AEBtara emigratu zutenen lekukotasun bizia eta zirraragarria ematen du eta euskaldunak ez ezik beste herrietako etorkinek ere euren burua edo arbasoen bizipenak ikusi dituzte bertan. Liburuak Dominiquen bizitza jarraitzen du eta orrialdeak pasa ahala gizonaren ezinegona sentitzen du irakurleak, hil aurretik behin bada ere Euskal Herrira bueltatzeko gogoarekin larri. Bidaia hura 1958an egin zuen azkenean Dominiquek, alboan Robert semea zuela, baina haurtzaroko etxea ikusterakoan bihotza Amerikako mendietan utzi duela ulertzen du.

Robert-entzat aldiz, Euskal Herriarekin erlazio aberatsari hasiera eman zion bidai harek. Askotan bueltatuko zen Euskal Herrira, eta euskal nortasuna Ameriketan gordetzearen beharra ikusita Mendebaldean egin zen lehen Euskal Jaialdia bultzatu zuen (1959an, Reno-Sparksen). Nevadako Unibertsitatearekin eta bertan sortu zen Center for Basque Studies-ekin ere harreman estua izan zuen eta bere donazio batek eman zio hasiera UNRko Euskal Liburutegiari, Euskal Herritik kanpo dagoen euskal artxibategi nagusiari. 2001ean Nevadan hil zen Robert Laxalt, 77 urterekin, baina bere lanak AEBtako euskal literaturaren erreferante izaten darrai, eta udara honetan bizitza berria izango du unibertsitateko ikasleen eskutik.


Lotura interesgarriak

Sweet Promised Land Summer Program, UNR
www.unr.edu

'Nevadako euskaldun baten literatura ezkutua'
www.argia.com

Robert Laxaltekin elkarrizketa
www.euskonews.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia