euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako Unibertsitateak Kate Camino omendu zuen sasoiko lehen partidan 25.000 lagunen aurrean

2011/10/21

Ezkerrean, Kate Camino football zelaian ikusleak agurtzen omenaldiaren une batean (argazkia Argaia)
Ezkerrean, Kate Camino football zelaian ikusleak agurtzen omenaldiaren une batean (argazkia Argaia)

PUBLIZITATEA

Iragan urriaren 8an Nevadako Unibertsitateak omenaldia egin zion Kate Camino euskal-amerikarrari sasoiko lehen 'football' partidan. Ekitaldia Kirol Saileko 'Campus Spotlight' izeneko programaren parte izan zen; egitasmo honen bidez Unibertsitateko ikasle, irakasle eta langileen ekarpenak aintzat hartzen dira amerika futbol taldeak etxean jokatzen duen partida bakoitzean. Horrela, unibertsitateko ekimenen eta partaideen lanaren berri ematen zaie kirol zelaia betetzen duten lagunei. Katen kasuan, NABOren Bizi Emankorra saria jaso duela eta egin zen omenaldia.

Reno, AEB. Harmailak jendez lepo, 25.000 lagunen aurrean omenaldia egin zion University of Nevada-Renoko Kirol Sailak Kate Camino euskaldunari, Campus Spotlight izeneko ekimenaren baitan. Partidaren 3. eta 4. laurdenen artean aurkeztu zuten Kate, Bizi Emankorra sariaren azalpentxo batekin eta Katen ekarpenen kontakizuna egin ostean. Katen irudia zelaiko pantaila erraldoietan ere azaldu zen.

Katek aurtengo North American Basque Organizations (NABO) erakundearen Bizi Emankorra saria jaso zuen iragan uztailaren 22an bere jaioterrian, Buffalon (Wyoming). Sari honek aintzat hartzen ditu NABOri berebiziko ekarpena egin dioten lagunak eta euren euskal komunitatetik landa AEBetako euskal kulturarekin engaiamendua erakutsi duten pertsonak.

Camino 1991 sartu zen NABOn, Buffaloko euskal etxearen ordezkari gisa. Renora bizitzera joan ostean, elkartearen barruan jarraitu zuen eta beranduago Center for Basque Studies-eko ordezkari bihurtu zen NABOn. Sariak azken hogei urteotan euskal etxeko eta NABOko zuzendaritza taldean egindako lana eskertzen du eta baita ere Renon zein Buffalon dantza iraskale bezela egindakoa ere. Camino Udalekuko zuzendaria ere izan da bi herrietan eta NABOren Udalekoko zuzendari kide izan da azken bi urtetan.

Caminok euskal etxearen eta NABOren bekak jaso ditu eta 1999an NABOren ordezkaria izan zen Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean. 2002an dantza irakasleentzako egin zen Gaztemunduren edizio berezian parte hartzeko aukeratu zuten. 1998an Center for Basque Studies-en hasi zen lanean, eta ikasketa zentroko bulego burua da egun. Euskara klaseak eman ditu UNR-en 2000 urteaz geroztik. 

Saria hau jaso duen omendu gazteena zela jakitean zera esan zuen Caminok: “Lotsa pixka bat ematen dit, izan ere, badira sari hau merezi duten beste lagun asko. Ohore handia da.”

Football partidan jaso zuen omenaldiaren ostean pozik agertu zen: “Bizitzan behin bakarrik gertatzen diren une horietakoa izan da. Hunkituta nago unibertsitatearen aintzatespenagatik eta baita ere UNRko lankideek eta lagunek eman didaten babesagatik.”



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia