euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako Gardnerville herriak kantari eta bertsozaleak bilduko ditu bihar AEBetako 'Euskal Kantari Egunean'

2007/08/10

Martin Etchamendy, Gardnervilleko Euskal Kantari Eguneko aurkezle eta, gehienetan emaztearekin batera, baita kantari ere (arg. BasqueHeritage.com)
Martin Etchamendy, Gardnervilleko Euskal Kantari Eguneko aurkezle eta, gehienetan emaztearekin batera, baita kantari ere (arg. BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Nevadako Gardnerville herriak, bertako Mendiko Euskal Kluba antolatzaile, 'Euskal Kantari Eguna' ospatuko du bihar. NABOren babespean AEBetako euskal kantu eta bertsozaleak biltzen dituen urteroko hitzordu hau bi urtean behin egiten da Gardnervillen, herriko euskal piknikarekin batera. Euskal mezarekin hasiko da eguna, Minden-eko CVIC aretoan, bazkari herrikoia eta Kantu saioari ekiteko ondoren, eta Etchechury-tarren euskal berbena musikarekin amaitzeko bihar gauez. Guztiaren sarrera gisa, musika eta Oesteko euskal giroa gaur gauez, Gardnervilleko karrika nagusiko JT kantinan.
Iazko edizioan Nevadako Elkon arrakastaz ospatu ondoren, Gardnervillera itzuli da aurten --urte batez kanpoan, urte batez hemen egiten baita-- Euskal Kantari Eguna, NABOren babespean euskal kantu eta bertsozaleak bildu eta euskarazko kantu eta bertsoen inguruan momentu goxoak pasatzeko antolatutako eguna. Biharko programaren aurrekari, gaur gauez ohiko hitzordua ezarri da JT kantinan, Gardnervilleko karrika nagusian alegia, western eta euskal giroa nahasiz bertako eta kanpoko euskal jendeen harrera ekitaldi gisa.

[Garnervilleko JT kantina euskaldunaren kanpoko eta berruko irudiak. Karrika berean aurrez aurre daukan Overland ostatua eta JT dira Nevadako herri honetako erreferentzia euskaldun historikoak bertako ostalaritzan. Leku arras amerikarrak eta ber denboran arras euskaldunak, euskaldun eta ez-euskaldunen biltoki dira aspaldidanik Gardnervillen. Gaur, bihar eta etzi bor-bor ibiliko dira Euskal Kantari Egunerako bildutako bertako eta kanpokoen 'meeting point' edo biltoki (argazkia BasqueHeritage.com)]

Bihar, berriz, ekitaldiak goizeko 10:30etan hasiko dira, ondoren euskal mezari ekiteko, aita Martxel Tillous-en eskutik. Ondoren, eta bertan ezarritako stand eta salmenta tokiak ikusmiratu ostean, bazkari herrikoiaren tenorea heldu da, BBQ (barbakoa) erara, Oeste euskaldunean egin ohi den maneran. Bazkaldu ondoren etorriko da Kantari Egunaren ordua, seiak bitartean programaren arabera. Tartean, euskal dantzariak ere arituko dira, Kaliforniako Rocklin-etik arribatuak, ezterenzubiar jatorriko Rosemary Etchamendy Caballero euskal-kaliforniarra zuzendari.

[Panpi eta Manuela Etchechury senar-emazte kaliforniarrak ipiniko dute bihar gauean musika bertako berbena euskal-amerikarrean. Bertara bilduko dira txapeldunak, cowboy kapeladunak, txano modernodunak eta batere txanogabeak, jota-fandango zein euskal pieza modernoen erritmoan. Etchechurytarrak 'Santa Fe' euskal taberna eta jatetxeko jabeak dira Kaliforniako Fresno herrian (argazkia BasqueHeritage.com)]

Arratsalde partez otortu moduko bat zerbitzatuko da, edo hobe esan erosi ahal izango da --chorizo sandwitxak-eta--, berriz ere Gardnervilleko Mendiko Euskaldun Klubeko kideek prestatua, bederatziak aldean euskal berbenari ekiteko, Kaliforniako Fresnotik etorritako Panpi eta Manuela Etchechury-ren musika euskal amerikarra medio, goizeko ordu batak arte. Gaua bertako motel batean eman ondoren, etzi, gosaltzeko hitzordua --brunch-- herriko beste ostatu euskaldun batean izan ohi da, Elvira Cenoz mutrikuarrak gobernatzen duen Overland Hotel-en.


Lotura interesgarriak

Gardnervilleko Mendiko Euskaldun Klubaren erreferentzia interneten
NaBasque.org webgunean

Gardnervilleko Mendiko Euskal Klubaren historia
Gloria Totoricagüena-k Euskonews-en

NABO, Estatu Batuetako euskal erakundeen batasuna
www.nabasque.org

Elkon egin zen iazko edizioaren berri
2006ko uztailaren 31ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Rocklin, Kaliforniako euskal dantzariak eta kluba
2006ko urriaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana

Etchechurytarrek Fresnon gobernatu 'Santa Fe' euskal jatetxea
www.santafebasque.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia