Elko, AEB. Nevadako Elkoko Euzkaldunak Euskal Etxeak uztaileko bere ohiko datan eutsiko dio 2021ko edizioan bere National Basque Festival famatuari. Estatu Batuetako euskal jai historiko ospetsuena dira seguruenik Elkoko Euskal Jaiak eta iazkoan pandemiagatik bertan behera geratu baziren ere, Euzkaldunak Euskal Etxeak martxoaren 17an egin duen bilkuran aurtengo planekin aurrera egiteko deliberoa hartu zuen, ezinbestekorik ez bada.
Planak eta egitarauak asteburu horretarako aurrera segitzen dute, beraz, Elkon. Normalean, gainera, data berean bi euskal jai izan ohi dira urtero, Elkokoaz gain Chino aldean Southern California Basque Club-ek (SCBC) berea ere egiten baitu, historikoa hau ere --1946an jaiotako Euskal Etxea baita-- eta kontrajarri egiten dira, baina aurten osasun-egoera zaila gogoan hartuta denbora da SCBCek berea ez egitea erabaki zuela.
Gogora dezagun beti ere Uztailaren 4eko astearekin batera egiten diren Elkoko Euskal Jaiak 57. ediziora iritsi behar zutela iaz bertan behera geratutako edizioarekin, eta Kaliforniako Hegoaldekoak, zaharrenek "La Puenteko Euskal Besta" gisa ezagutzen dituztenak, euren 74.era. Iaz, horien ordez, meza eman zuten internetez.