euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevada Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko inaugurazio ofizialeko irudi eta bideo kronika

2009/08/24

Inagurazio ofizialeko irudia. CBSko zuzendarikidea, Eric Herzik, bildutakoei eleka (argazkia EuskalKultura.com)
Inagurazio ofizialeko irudia. CBSko zuzendarikidea, Eric Herzik, bildutakoei eleka (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Duela 42 urte sortu zenetik urratsak eman ditu Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) Euskal Ikasketa alorrean Euskal Herritik kanpoko zentro eta erreferentzia behinena bilakatu arte. UNRko Zentro eta Liburutegiaz ari gara, bistan da, baina egiari zor Renoko euskal baliabideok pauso berria eman dute azkeneko urtean, lekuz aldatu eta abantaila eta aitzinamendu berrienak dituen 'Matthewson IGT Knowledge Center' delako eraikin adimentsura pasatu baitute euren egoitza. Denbora iragan da inaugurazio ofiziala egin arte, baina ekitaldi hori joan den uztailaren 24ean gauzatu zen, lagun arteko giro abegikorrean, itsasoz bi aldeetako jende eta ordezkariak partaide. Ikus bideo eta irudiak.

Reno, Nevada, AEB. Ekitaldia ostiralez, NABOk aurtengo bere Biltzar Nagusia egin zuen egun berean gauzatu zen --egin ere CBS baitaratzen duen Matthewson IGT Knowledge Center delakoan, liburuzainak eta bisitariak oro txunditzen dituen eraikin adimentsuan-- Renoko 2009ko Euskal Festa asteburuaren hastapenean. Bertara bildutakoen artean, Estatu Batu eta Kanadatik heldutako NABO ordezkariak, Nevada-Renoko agintariak, Euskal Ikasketa Zentroko zuzendariak eta pertsonala, Nevadako senadoreen ordezkariak, hainbat euskal komunitatetako kideak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia buru, kargua hartu berritan eta, beraz, Euskal Herritik kanpo egiten zuen bere lehendabiziko bidaia ofizialean.

CBS baitaratzen duen Matthewson IGT Knowledge Center eraikinaren ondoan ipinitako oihalezko egitura batean egin zen ekitaldia, Nevadan sasoinean eguneroko ogia den eguzki urrikalgabea gogor astintzen. Espero zitekeen bezala, CBSeko historian pertsona eta eragile ordezkaezina izan den Bill Douglass irakasle emeritoak, hogeita hamar urte baino gehiagotan Zentroko zuzendari eta arduradun izan denak, laburbildu zuen 42 urte beteak dituen Euskal Ikasketa Zentroaren ibilbidea.

Eric Herzik, egun CBSko zuzendarikide dena izan zen aurkezle. Bill Douglass-en ondotik, Unibertsiotateko presidenteari eman zion hitza, Milton Glick-i. Ordezkaritza politikoei dagokienez, AEB aldetik Nevadako bi senadoreek, John Ensign errepublikarrak eta Harri reid demokratak, euren bulegoko bi pertsona bidali zituzten ekitaldiarekiko atxikimendu mezuak irakurtzeko. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Patxi Lopez lehendakariaren hitz batzuk irakurri zituen.

2009 Renoko CBS Eric Herzik

[Argazkian, ekitaldian aurkezle lana egin zuen Eric Herzik CBSko zuzendarikidea (argazkia EuskalKultura.com)]

[Milton Glick Nevada-Renoko Unibertsitateko presidentearen hitzak]

Bere hitzaldian, eta Lopez lehendakariaren izenean, Guillermo Echeniquek laudatu eta goraipatu egin zuen Nevada-Renoko Unibertsitatetik eta bertako Euskal Ikasketa Zentrotik euskal kulturari eta euskaldunei eginiko ekarpena. Berretsi egin zuen Jaurlaritzak "euskara eta jatorrizko euskal kultura eta tradizioak babestearekin" hartua daukan konpromisoa, eta "mendetan zehar" euskaldunek "mendebaldeko baloreak, esan nahi baita askatasuna, demokrazia eta giza eskubideen zinezko maitasuna" ugaltzearren lan egin dutela esan ondoren, azaldu zuen Lehendakariaren asmoa dela "estutzea are gehiago munduan zehar barreiatuta dauden euskal errodunen arteko lotura eta harremanak". Echeniquek opari batzuk banatu zizkion Euskal Ikasketa Zentroari eta Nevada-Renoko Unibertsitateari.

[Jaurlaritzak opari batzuk eman zizkion CBSri; emaile Guillermo Echenique, Benan Oregirekin batera, eta hartzaile Joseba Zulaika]

Ekitaldia amaitzeko, urrezko amaiera Enrike Corcostegui Renoko 'Zenbat Gara Euskal Dantzari Talde'ko kideak dantzatu zuen ohorezko aurreskuak jarri zuen, Peter Ansorena txistulari.

[Aurreskularia, Enrike Corcostegui; txistularia, Peter Ansorena; itzalean, mikroari eusten --eta erne detaile guztiak ongi atera zitezen--, CBSko bulegoko burua den Kate Camino]

Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa eta Euskal Liburutegia erreferentziazko baliabideak dira Euskal Herritik Kanpoko Euskal Ikasketen arloari erreparatzerakoan. Urtetan, bertara hurbildu direnek baliatu ahal izan dituzte, baina gaur egun, internet eta teknologia berriak tarteko, euren fondoetako zati bat eskuragarri dago munduko beste edozein lekutatik kontsultatu nahi dituen ororendako.

-Renoko Euskal Ikasketa Zentro ko webgune orokorra
-Renoko Euskal Liburutegiko webgune orokorra

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia