Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eskuz-esku emanik, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko zuzendaria Xabier Irujok jaso du 2017ko Euskararen Nazioarteko Eguneko ENE Saria. Miramar Jauregian eginiko ekitaldian, Irujok errekonozimenduaren adierazle den Nestor Basterretxeak diseinatutako garaikurra eskuratu zuen, eskertuz antolatzaileek Nevadako zentroa gogoratu izana, izan ere aurten 50 urte bete dituela euskal kulturaren zerbitzuan Nevadako Renon.
Donostia-San Sebastian. Euskararen Nazioarteko Egunean jakinarazi zenez, William A. Douglass Center for Basque Studies-ek (Nevada-Renoko Unibertsitatea) irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2017ko ENE saria. Garaikurra, zentroko zuzendari Xabier Irujok jaso zuen abenduaren 13an. Miramar Jauregian egin zen ekitaldi xumean, berak eta Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsorok parte hartu zuten. Aipatzekoa da, ENE Sariaren garaikurraren irudia euskal erbesteari lotutako Nestor Basterretxea artistak diseinatu zuela.
Epaimahaiak honako arrazoiak eman zituen CBS-ri saria emateko: “CBS zentroak lan ikaragarria egin du euskararen eta euskal kulturaren alde azkeneko 50 urteetan. Izan ere, CBS euskal kulturaren sinboloetako bat da. Euskararen dibulgazioa beste era batean bultzatu du. Modu akademikoagoan, hain zuzen ere. Lan bikaina egin dute urte hauetan guztietan zehar. Unibertsitate arloko lana, zientifikoagoa. Mende erdiko ibilbide hau saritzea oso bidezkoa dela iruditzen zaigu”.
William A. Douglass Center for Basque Studies
William A. Douglass Center for Basque Studies-ek mende erdia bete du aurten. Hala ere, ez du beti izen hori izan. Izan ere, 1967an Basque Studies Program izenarekin bataiatu zuten. Bi bultzatzaile nagusi izan zituen: William A. Douglass antropologoa eta Jon Bilbao bibliografoa. William Anthony Douglass Euskal Herriarekin erabat maitemindu zen gurera egin zuen lehenbiziko bisitan eta, hau dela eta, Euskal Diasporak Estatu Batuetan zuen papera aztertzen hasi zen.
1969an Jon Bilbao bibliografoa Renora gonbidatu zuten ‘Basque Studies Library’ euskal liburutegia sortzeko. Liburutegi hau CBS-ri eta kanpoko ikerlariei Euskal Herriaren eta euskal kulturaren gaineko ikerketak egiterakoan laguntza eskaintzeko sortu zen. Momentu honetan, Euskal Herritik kanpo dagoen euskal gaien gaineko liburu-bilduma handiena dauka. Gaur egun, Jon Bilbao Liburutegiak bere baitan 30.000 liburu inguru, ehun artxibo-funtsa baino gehiago, 25.000 argazki, eta beste dokumentu asko ditu.
Robert Laxalt idazlea da, zalantzarik gabe, aipatu beharreko beste izen bat. Izan ere, beti egon zen CBS-ri oso lotuta. Euskal-amerikar familia batean jaio zen eta beti zegoen bere kultura bultzatzeko prest. Idazlea zen eta bere lan ezagunenetako bat ‘Sweet Promised Land’ liburua da. Lan gomendagarria, hizkuntza askora itzulitakoa, adierazi du Eusko Ikaskuntzak ohar baten bidez.