euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevada-Renoko Center for Basque Studies-ek erakusketa batera bildu du 40 urteko bere historia eta ibilbidea

2007/04/21

Jon Bilbao eta William A. Douglass izan ziren CBSren sortzaileetako batzuk (argazkia Renoko Euskal Liburutegia)
Jon Bilbao eta William A. Douglass izan ziren CBSren sortzaileetako batzuk (argazkia Renoko Euskal Liburutegia)

PUBLIZITATEA

Nevada-Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruak (Center for Basque Studies, CBS) bere sorreraren 40. urteurrena ospatzen ari da aurten. Hori dela eta ikusgai ipini du lau hamarkada hauetan egindako ibilbidea eta bizitako 'abentura' azaltzen duen erakusketa. Datozen hilabeteetan urteurren ekimen gehiago plazaratuko dituz eta baita etorkizunari begira pauso berriak eman ere, tartean bertako Euskal Liburutegiaren webgune berria.
Renoko Center For Basque Studies (CBS) euskal kulturaren ikerketarako munduko zentru garrantzitsuenekoa da eta bere Euskal Liburutegia arlo berean Euskal Herritik kanpo dagoen artxibo eta dokumentu bilduma nagusiena. Aurten CBSek bere sorreraren 40. urteurrena betetzen du eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte arduradunek data esanguratsua ospatzeko. Lehendabizikoa ikusgai dago jada Nevada-Renoko Unibertsitatean bertan: Zentruaren historia jasotzen duen erakusketa.

CBSen sorrera 1961 hasi zen mamitzen. Nevadako Unibertsitateak Desert Research Institute delakoa sortu zuen eta ikertzeko material bila ari zirela hiru antropologia adituk euskal kultura proposatu zuten gai bezala. Haien esanetan, euskaldunek, batez ere artzain gisa etorritakoek, eragin nabaria izan zuten Nevadako eta Ipar Ameriketako mendebaldearen historian eta Europako 'herri erakargarrienetako bat' ziren. Gainera, garai hartan AEBtako ezein unibertsitate ez zen gaia ikertzen ari eta Renoren lan bidegilea are garrantzitsuagoa izango zen.

Proposamenak arrakasta izan zuen eta 1967an William A. Douglass antropologoak Euskal Ikasketa Programa (Basque Studies Program, BSP) sortzeko enkargua hartu zuen; eta Jon Bilbaoren ezinbesteko laguntza jaso zuen eginbeharrean. Bilbao aditua zen euskal bibliografia kontuetan eta bere gidaritzapean Renoko Euskal Liburutegia ere asko garatuko zen. 1972rako ikerketa programa arrakastatsua zen eta beste hainbat jarduera ere bultzatzen zituen. Azken urteotan, Programa deitzetik Center for Basque Studies izena hartzera pasatu da orain 40 urte betetzen dituen ekimena.

Nortzuk dira euskaldunak

'Erakusketaren bidez nortzuk garen eta zergatik gauden hemen kontatu nahi dugu', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Nere Erkiagak, Euskal Liburutegiko arduradunak. 'Euskaldunak nortzuk diren, zergatik emigratu zuten eta nola heldu ziren Ameriketara kontatzen dugu, eta baita Euskal Ikasketa Programa nola hasi zen, gero etorri zen Euskal Liburutegia aipatzen dugu, eta non gauden orain. Urte luze hauetan gauden lekuan egoteko hainbeste jendek egindako ahaleginei omenaldi xumea egin nahi izan diegu'.

Datozen hilabeteetan erakusketa honi urteurrena ospatzeko beste jarduera eta ekitaldi ugari gehituko zaizkio. Baina iragana eta eginiko bidea gogoratzeaz gain CBSek etorkizunera begira pauso berriak ere emango ditu. Horietariko bat izango da Euskal Liburutegiaren webgune berriaren aurkezpena. Webgune honen bidez orain arte eskuragarri ez ziren hainbat dokumentu eta artxibo internet bidez irakurri ahal izango dira. [Ezkerreko irudian Center for Basque Studies-eko sustatzaileen taldea hasierako bilera batean (argazkia Renoko Euskal Liburutegia)]


Lotura interesgarriak

Center for Basque Studies (CBS, UNR), Reno, NV
www.basque.unr.edu

CBSk Ikasi 2007 programan izena emateko epea ireki du
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 15ean

CBSko euskal ipuinen antologia, orain italianeraz
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia