Carson City, AEB. Estatu Batuetako Alderdi Errepublikarreko eskuin hegaleko bileratzat jotzen dute 2015etik hona urtero abuztuan Gardnerville aldeko arrantxo batean egiten den festa eta dirubilketa elkarretaratze politiko hau. Nevadako fiskal nagusi ohi (2015-2019) Adam Laxalt buru duen 'Morning in Nevada PAC' talde kontserbadoreak antolatua, aurten bere seigarren ediziora iritsi behar zuen --aurtengoan ere AEBetako politika nazionaleko izen esanguratsuak ekarrita-- baina atzo astelehena. 2020koa bertan behera geratzen dela adierazi zuen Adam Laxalt erakunde antolatzaileko presidenteak (ikus Laxalten agiria).
Gogora dezagun Renon (Nevada) 1978an jaiotako Adam Paul Laxalt, Nevadako gobernadore izandako Paul Laxalt euskal-amerikarraren biloba dela, haren alaba Michellen seme. Izan ere Adam amak guraso bakar gisa hazi zuen --hortik Laxalt deiturari eutsi izana-- Washington DCn egun legetan doktore eta abokatu errepublikarra dena eta 2013an jendaurretu zuten aita Pete Domenici New Mexikoko senatari errepublikar ezkondua zuela.
Bideoa abuztuaren 7ko bilera eta 8ko 'Basque Fry' iragartzen, ikurriña eta euskal ikutua parte
Armadatik pasatu ondoren (JAGeko legelaria izan zen Itsas-Armadan), Laxalt 2011an itzuli zen Nevadara, eta bertan hasiko zuen bere karrera politikoa, 2014ko urtarrilean estatuko fiskal nagusi izateko bere hautagaitza aurkeztuz. Kargua lortuko zuen eta lau urteko kargualdia bete ostean, urrats berria eman eta 40 urte zituela Nevadako gobernadore izateko bere hautagaitza aurkeztu zuen, izendapen errepublikarra lortuz. Bere jarrera ultrakontserbadoreek bozka errepublikar moderatu batzuk uxatu, eta hauteskundeek, hogei urte eta gero, hautagai demokratari eman zioten garaipena, egungo Steve Sisolak gobernadoreari, bere lehengusu Laxalt-tarrak ere Sisolak-en alde atera zirelarik prentsan.
Adam Laxalt, Nevadan deitura ozena den bere abizenaren indarra lagun atera zen politikara, nahiz eta ez dagoen batere argi aitonak bilobaren ideia eta moldeak bere egiten zituenik. 2018ko udan, bilobaren gobernadore kanpainaren gorian hil zen 94 urte zituela Laxalt zaharra. Dena den, aitonak arrantxo lurraldea den Nevadan urte askoan antolatutako hitzordu edo tradizio bat berreskuratu zuen 2015ean Laxalt gazteak, "Basque" (euskal ) markako "Basque Fry" arrantxo giroko.egunpasa eta ekitaldi politiko eguna arrakastaz antolatzen hasi zenean, Alderdi Errepublikarreko eskuin sektoretako hainbat izen esanguratsuren partaidetza lagun..
Gogora dezagun Paul Laxalt (1922-2018), Estatu Batuetako politika munduan orain artean altuen iritsi izan den euskal.amerikartzat har dezakegula. Guraso emigranteen seme (aita xiberotarra, ama baxenabartarra), fiskala izan zen Nevadan, baita estatuko gobernadoreorde eta gobernadore ere, eta nazio mailan Alderdi Errepubikarreko presidente eta nazioko senatari Nevadatik. Ezaguna da Ronald Reagan eta bera adiskide minak zirela eta haren gobernuburutzan Laxaltek rol berezia jokatu izan zuela zenbait gai eta alditan nazio barneko zein nazioarteko aferetan. Serio kontsideratu zuen Estatu Batuetako presidentzara aurkeztea, baina azkenean bide horri ez eustea erabaki zuen.
'Basque Fry'ren seigarren ediziorako, antolatzaileek iragarria zuten besteak beste Texasko errepublikar eta presidentziarako hautagai ohi Ted Cruzen partaidetza, baita Matt Gaetz eta Devin Nunes ordezkariena ere, Mercedes eta Matt Schlapp-enarekin batera. Mercedes Schlapp Etxe Zuriko Komunikazio Estrategien zuzendari izan zen Trump pean eta egun haren berrautapenerako kanpainako parte da. 'Basque Fry' 2020 abuztuaren 7-8rako zegoen aurreikusia Gardnervilleko (Nevada) Corley Ranch-en. Kantzelazio oharrean, Laxaltek gogor kritikatu du Sisolak gobernadorearen politika koronabirusarekiko; eta 'Basque Fry'n parte hartzeko sarrerengatik ordaindutako prezioa itzultzeko prest agertu da atzo arte txartela erosi zuten bi milatik gora pertsonei, baina aldi berean ez egitea eskatuz, gisa honetan "gure misioari laguntza ematen kolaboratuko baitute".