euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Neuquen hiriko ‘Baskos de la confluencia’ euskal etxeak 50tik gora lagun bildu ditu bere lehenengo bazkarian

2016/11/03

Neuquengo ‘Baskos de la confluencia’ euskal etxeak bere lehenengo euskal bazkaria egin du joan den igandean, urriaren 30ean
Neuquengo ‘Baskos de la confluencia’ euskal etxeak bere lehenengo euskal bazkaria egin du joan den igandean, urriaren 30ean

PUBLIZITATEA

Komunitateari begirako bere lehenengo topaketa egin du joan den igandean duela bi hilabete eskas Neuquen-en sortutako ‘Baskos de la confluencia’ elkarteak. Deialdia arrakastatsua izan zen eta 50 bat lagun elkartu ziren euskal etxearen behinbehineko egoitzara, tartean San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ko lehendakari Manuel Bustingorry. Elkarte berriko kideak poz-pozik daude lehenengo aktibitate honekin eta gogoz ekin diote hurrengo ekimenak prestatzeari.

Neuquen, Argentina. Euskal Etxearen oinarriak ezartzeko bilera batzuk egin ostean irailaren 22an osatu zuen ‘Baskos de la confluencia’ elkarteak bere lehenengo Zuzendaritza Batzordea. Oscar Mendiberri buru, erakunde berria berehala jarri zen abian eta euskal bazkari bat egin du urriaren 30ean, behin-behineko bere egoitza den Neuquengo Cumulen Auzoko Batzorde Aretoan.

Topaketa girotzeko, Euskal Herriarekin lotura duten hainbat apaingarri jarri zituzten aretoan antolatzaileek tartean ikurrina koloreko girnaldak, ikurrinak, lauburuak, euskal jantzi tipikoak eta baita txalaparta bat ere. Izan ere, txalaparta eginarazi berri-berria da eta bazkarian estreinatzeko eginarazi zuten euskal musika tresna ‘Baskos de la confluencia’ko lagunek. Apaingarriez gain, Euskal Herria ezagutzeko bideo batzuk ere proiektatu ziren aretoko txoko batean.

Bazkaltzeko garaian, mokadu tipikoenak atera zituzten Neuquen hiriko euskal etxe berriko sukaldariek: tortilla eta odolki pintxoak eta kroketak; legatza ere prestatu zuten euskal erara eta postrerako, goxua.

“Oso jai polita izan zen”, adierazi dio elkarteko lehendakari Oscar Mendiberrik EuskalKultura.com-i. “Berrogeita hamar bat lagun elkartu ginen, tartean, San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ko Manuel Bustingorry eta egia esatearren primeran pasatu genuen. Lan handia egin genuen guztiok dena ondo atera zedin baina emaitza oso ona izan da. Eta nola ez, indar handia eman digu dauzkagun proiektuekin jarraitzeko”, jakinarazi digu Mendiberrik.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia