euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nerea Mujika, Gerediaga: "Urtez-urte euskal etxe ezberdinak ekarri nahi ditugu Durangora stand batekin; aurten, Bartzelona"

2015/11/30

Durangoko Azoka
Durangoko Azoka

PUBLIZITATEA

Ate joka da dagoeneko Durangoko Azoka, eta aurten, gainera, urtemuga biribila ospatzeko prest; izan ere, euskal kulturaren bilgune honek mende erdia bete du. 50 urte hauetan Diasporarekin harreman oparoa mantendu du azokak, eta horrela jarraitzeko egitasmo berri bat jarri dute abian, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan: urtero urtero euskal etxe bat gonbidatu nahi dute azokara. Aurten Bartzelonako Euskal Etxea izango da bertan, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.

Durango, Bizkaia. 50. Durangoko Azokak ostiralean, abenduren 4ean, irekiko ditu ateak eta abenduaren 8a arte egongo da irekita. Mende erdia darama Gerediaga elkarteak azoka hau antolatzen, eta urteak joan, urteak etorri, abenduko data hau euskal kulturaren urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa bihurtu dira.

50 urte horietan, Diasporak eta euskal etxeek ere lekua izan dute azoka honetan: EuskalKultura.com-ek standa izan zuen hainbat ediziotan (milesker agurtzera etorri zineten guztioi!), Estatu Batuetako eta Argentinako euskal argitaletxeek liburuak aurkeztu dituzte... Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikarekin hitz egin dugu, Azokak Diasporarekin duen harreman horren atzerabegirakoa egiteko.

-50 urte hauetan, zein izan da Durangoko Azoka eta Diasporaren arteko harremana? Emankorra izan al da?

Betidanik izan dugu diasporarekin harremana, batik bat Renoko Unibertsitatearekin.  Hasieran, harremana, ez zen gauzatzen ekitaldi edo ekintza zehatz baten bidez, baina informazio trukaketa etengabea zen. Emankortasun horrek bere emaitzak izan zituen eta Renoko proiektuak bere stand propioa dauka 2003.urtetik Azokan.

Aurten, bestalde, proiektu berri bat ere abiatu dugu diasporarekin harreman estua duena. Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanen Sailaren bitartez, Euskal Etxe ezberdinak urtez-urte Durangora stand batekin etortzeko asmoarekin egitasmoa abiarazi dugu. Edizio honetan, Bartzelonako Euskal Etxeko kideak izango ditugu bertan.

- #50urte50mugarri traola zabaldu duzue twitter-en. Mende erdiko mugarri horietan, Diasporak ere badu lekurik. Esaterako, lehenengo Argizaiola saria Jon Bilbaok jaso zuen 1992an, eta beranduago bere lankide Bill Douglassek.

Jon Bilbaoren lana ezagututa, bera omendu beharra ikusten genuen. 1992an omendu genuen, argizaiola bat eskainiz Renoko txokotik “Itsas argia” izan zelako gau ilunean. Bere omenaldia burutu ondoren ikusi genuen bazirela gure herrian hainbat pertsona merezi zutela gure esker ona jasotzea, eta horregatik sortu genuen, hain zuzen ere, “Argizaiola saria”.  Horregatik, esan dezakegu Jon Bilbaok ez zuela Argizaiola omen saria jaso, baizik eta bere lana izan zela sari horren ernamuina.

Bill Douglass-ek 22 urte beranduago jaso zuen Argizaiola Saria eta beraren bidez adierazi genuen gure herria ez dela ia egunero entzuten dugun Kixote-en herria, baizik eta posible dela elkarlaneko proiektuak aurrea eramatea eta, gainera, ez dela “betiko euskalduna” izan behar horretarako. Hau da, atzerritarrak edo atzerrian jaiotako euskaldunak ere, herri honetako zutabe garrantzitsuak izan ahal direla. Bien lana ez da izan egun bateko lana, bizi bateko txindurri lana baizik.

-Renoko Unibertsitateko argitaletxea eta Buenos Aireseko Ekin azokan izan dira. Noiz hasi ziren etortzen? Zaila izan zen atzerritik argitaletxe hauek ekartzea?

Ehunka kilometro erdian izateak ez ditu errazten lanak, baina Elkar eta Txalaparta argitaletxeen laguntzarekin posible izan dugu biak Durangon izatea. Guretzat pozgarria izan da bide hori zabalik mantentzea eta etorkizunean fruituak oraindik oparoagoak izango direla, uste dugu; bai eurek argitaratutako materialak ugarituko direlako, eta baita beste toki batzuetako lanak ere posible izango dugulako Durangoko erakusleihoan ikustea.

-Diasporarekin harremana duten ze beste ekitaldi izan dira 50 urte hauetan?

Urteetan zehar Azokan antolatutako hitzaldi, mahai-inguru, erakusketa eta abarren bidez saiatu izan gara euskal eremu geografikotik kanpo (Parisen, Alemanian, Txilen eta abar) dauden beste proiektuak ezagutzera ematen. Esan dugun bezala, normalean, ez dira izan ekitaldi handiak baizik eta itoginak bezala ekintza txikiak baina iraunkorrak. Ekinaren bidez egina.

-Azokak ze jarraipen du Diasporan? Diasporako bisitari asko izaten dituzue (Durangon edo online)?

Egia esan, Azokara etortzen diren kanpoko bisitariak ez ditugu zenbatzen eta Diasporan Azokak duen jarraipena neurtzea ere zaila da bere horretan. Dena den, webguneko datuek erakusten digutenez, Azokak interesa pizten du Euskal Herrik kanpo ere. Irailetik hona, esaterako, Bartzelonatik eta Madriletik 1500 bisitatik gora izan ditu www.durangokoazoka.eus atariak. Horrez gain, munduko beste toki batzuetatik ere heldu dira bertara: Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania edota Mexikotik, kasu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia