Joseba Etxarri. Filologia Euskal Herrian, baina itzultzaile goi-ikasketak Estatu Batuetan egin zituen Nerek. Nevadako Unibertsitatera, 1988an iritsi zen euskara irakasle eta geroztik Iowakoan ikasketak sakondu eta Boisen bukatu zuen, gaur egun BSUko (Boise State University) ‘Basque Minor’ (euskal ikasketetan espezializazio) titulu eta saileko koordinatzaile eta ‘associate professor’ den honek.
-Duela hamar bat urte sortu zen egun zuzendari zaituen saila, BSUren baitan.
-‘World Languages’ edo Munduko Hizkuntzen Departamentuaren barruan gaude kokatuta, eta gure ‘Basque Minor’a bezala daude ‘Chinese Minor, Arabian, French, Spanish’ eta beste Minor batzuk. Gurean euskara eskolak eskaintzen ditugu, euskal historia eta kultura klaseak, literatura… Gure lanaren parte da, esaterako, Euskal Herriko jende asko harritzen duen zerbait: hemen oso normala da asteburuetan klaseak ematea, larunbat eta igandetan 9etatik 5etara, kreditu bat lortuz. Horrek aukera ematen digu Estatu Batuetako beste unibertsitate batzuetan euskal gaietan espezializatuta dauden irakasleak gonbidatzeko. Honelako 16 bat ikastaro eskaintzen ditugu urtean. Gaiak anitzak dira oso eta beti Unibertsitateko beste departamentuekin gurutzatuta antolatzen ditugu, gaia euskal kooperatibak badira, Ekonomia sailarekin, beste batzuetan Antropologia, Soziologia, Genero Ikasketak, Zinea, Antzerkia edo Enpresa Ikasketa sailekin. 600 eta 700 ikasletik gora ere izaten ditugu urtero.
-Koordinazio lanez gain, itzulpengintza eta literatura lantzen dituzu. Azken urte hauetan euskal idazleak eta euren obra(k) gero eta gehiago ari dira ateratzen nazioarteko zirkuituetara.
-Argi dago itzulpengitza oso garrantzitsua dela edozein hizkuntza eta literaturarentzat eta bereziki hizkuntza gutxituentzat, posibilitate guztiak zabaltzen baitizkie, gainerakoen parean, publikoarengana iristeko, egon zitezkeen hizkuntz ezagutza mugak gaindituta. Pauso ederrak eman dituzte hor euskarak eta euskal literaturak. Itzultzailearentzat, bistan da erantzukizun handia dela obra bat behar bezala itzultzea, batez ere bi hizkuntza horiek atzean dauzkaten unibertsoen arteko aldea handia denean, batzuetan ez baita erraza hizkuntza batean hitzek barnean kulturalki dauzkaten kargak beste batean ematea, eta bestelako azalpen handiegitan erori gabe egoki itzultzea.
-Bernardo Atxagaren bi ipuin ingeleseratuz hasi zenuen AEBetan itzultzaile ibilbidea.
-Iowako Unibertsitatean titulua ateratzen ari nintzela, Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian eta Sugeak txoriari begiratzen dionean itzuli nituen eta jardun horretan topatu nituen koxka eta arazoak aztertu nituen. Itzulpenak, urte batzuk geroago, Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basques Studies-ek argitaratu zituen.
-Euskal Herrian, zabaltzear dago ordu gutxiren buruan Durangoko Azoka. Zuk egindako lanik topatu ahal izango dela bertan.
-Center for Basque Studies-ek argitara emana du Hamabost egun Urgainen-en ingelesezko edizioa, neronek itzulia. Beti atsegina iruditu izan zitzaidan eleberri hori, euskaraz idatzitako lehenengo polizi nobelaren ospea duena, egilea gainera, Jose Antonio Loidi, neu bezala Errenteriakoa zelarik. Familiak erraztasun guztiak eman zizkidan eskubide kontuetan –euren harrera eta jarrera eskertu beharrean nago-- eta hortxe atera da ‘Fifteen days in Urgain’ izenpean. Badago beste liburu bat ere, baina ez didate ziurtatu Azokarako egongo denik: Gema Lasarte EHUko irakaleak koordinatutako liburu bat da, emakumeek idatzitako ipuinak, amatasunaren ingurukoak. Euskaraz Ekografiak zuen izena eta ingelesez Ultrasounds bihurtu da, hau ere Renok argitara emana.