euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nerabe batzuk grafitiz kaltetu dute Corpuseko Eusko Etxeak herriari oparitu eta uztailean estreinatutako kale arte-lana

2019/10/22

PUBLIZITATEA

Corpus Christi, Argentina. Inguruan, hiri-altzariak aurretik ere erasotu izan dituzte eta kasu honetan Corpuseko Eusko Etxeak, bolondresen lanez, Valeria Garibotti artista plastikoa koordinatzaile euskal elkarteko kideekin antolatutako tailer baten emaitza zen arte-lan alegorikoa, euskal eta bertako jesuitiko-guarani eraginen isla zena, grafitiekin kaltetu dute. Lanean grafitiak idatzi dituzte eta hausturaren bat ere badu erliebezko hizkiren batean. Monumentua dagoeneko hiriarena bada ere, Eusko Etxeak salaketa jarri du, elkartetik Primera Edición egunkariari azaldu diotenez.

Arte-lana --bertan murala ere deitua dena-- joan den uztailean, Eusko Etxea antolatzaile egindako Euskal, Argentinar eta Guarani Jaiaren egitarau barnean inauguratu zen Euskaldunen Plazatxoan (Plazoleta de los Vascos) Jesuiten eta Suiza kaleen bidegurutzean, Corpus Christiko euskal elkarteak urtero San Ignazio egunaren inguruan antolatzen dituen ekimenetako parte.


Euskaldunen Plazatxoko mural edo arte-lanaren beste aldea uztailean, kaltetua izan aurretik

Corpus Christik eta bertako Eusko Etxeak, Euskal Herritik --Eskoriatza eta Arrasate herrietatik-- datorren hogei bat pertsonaren bisita jasotzeko bezperetan gertatu da hau. Talde honek Eusko Etxea bisitatu eta zuzeneko harremana eukiko du Corpus inguruko Guarani herriko buruzagi eta kideekin, euskal etxea bitartekari, urtean zehar bertako herriekin hainbat ekimen partekatzen dituen erakundea baita Olga Leiciaga buru duen Corpus Christiko Euskal Etxea.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia