euskal diaspora eta kultura
2014/05/16
PUBLIZITATEA
Bordele, Frantzian. Etxean bueltan dira dagoeneko Bordele-Bilbao bizikleta martxan parte hartu zuten 180 txirrindulariak, eta Euskal Etxeko iturriak pozik agertu dira ekimenak izan duen arrakastarekin. Aurreneko aldiz antolatu du Bordeleko Euskal Etxeak horrelako lasterketa bat, kirola, kultura eta elkarbizitza uztartuz. Partehartzaileek esperientzia gogoangarria bizitzeko aukera izan dute, eta ez dituzte berahala ahaztuko hiru egunetan ikusitako paisaiak --mendiak, Lanetako dunak, euskal kostaldea...-- ezta bidean eginiko lagun berriak. Bordeleko Stade Bordelais, Donostiako Bera Bera eta Bilboko Urgozo Txirrindulari Taldeko kideek biziki gozatu zuten bidea.
Hain zuzen ere, Bilbo izan zen lasterkatearen helmuga eta bertara iritsi ziren larunbatean txirrindulariak, Donostian hasi zen etaparen baitan. Bidean, kostako errepideko bohurgunetan gora eta behera ibili ziren, tarteka itsasoari begiratzeko eta argazkiak ateratzeko geldialditxoak eginez. Lekeition barnekalderako bidea hartu eta Gernikan batzuk Arbola ezaguna ikustera joan ziren. Antolakuntzako ordezkaritza batek lore eskaintza egin zuen bertan.
[Euskal Herriko errepidetan barrena (argazkia BordeleEE)]
Bilbora sartzeko txirrindulariak lau taldetan banatu zituzten eta apurka apurka, pozez gainezka, helmugara heltzen joan ziren. Zenbat Gara txarangak animatu zuen giroa eta indarrak berreskuratzeko buffet bat izan zuten dastagai kirolariek. Ondoren, antolatzaileek hamar txapel banatu zituzten txirrindulari onenen edo saiatuenen artean; horietako bat izan zen lasterketako beteranoa, 81 urteko sasoi-sasoiko gizon bat.
[Txirrindulari saiatuenek txapela izan zuten opari (argazkia BordeleEE)]
Martxa amaituta, agur esateko unea heldu zen, baina ez zen tristurarik izan, hurrengo lasterketarako hitzordua dagoeneko jarrita baitzegoen: bi urte barru, baina oraingoan Bilbotik Bordelera joateko! Ordura arte!
Informazio gehiago Bordeleko Euskal Etxearen webgunean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus