euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nekane Echeverria azpeitiarra, Chacoko Euskal Etxeko kidea, bertako Legebiltzarrak omendua Argentinan

2008/09/25

Nekane Echeverria bere gizataldeko banderadunarekin, eskuetan eman berria dioten plaka eta lore-sorta dauzkala
Nekane Echeverria bere gizataldeko banderadunarekin, eskuetan eman berria dioten plaka eta lore-sorta dauzkala

PUBLIZITATEA

Nekane Echeverria azpeitiarra 1982tik bizi da Argentinako Chaco probintziako Resistencia hiriburuan, senarrarekin batera bertara aldatu zenetik, eta 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kide da. Immigrantearen Eguna ospatzeko ekitaldietan, Chacoko Diputatu Ganbararen omenaldia jaso du, beste hainbat nazionalitatetako jenderekin batera, komunitateari eginiko ekarpenengatik.

Resistencia, Argentina. Argentinan urtero ospatzen den Immigrantearen Egunaren karietara ekitaldi berezia antolatu zuen Chacoko Diputatu Ganbarak irailaren 4ean eta munduko beste nazio batzuetatik hona etorri eta euren etxea hemen ezarritako hainbat immigrante omendu zituen. Besteak beste, alemaniar, austriar, kroaziar, greko, esloveniar, espainiar, paraguaiar, israeldar, arabiar, euskal, frantses, libaniar eta italiar jatorrizko herritarrak ohoratu zituen, horien artean bertako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kide den Nekane Echeverria azpeitiarra, gainerakoak bezala bere gizataldearen banderak lagundurik omendu bakoitzari zegokion plaka eta lore-sorta jaso zituena.

"Ez naute sekula atzerritar sentiarazi", adierazi zuen Chacon hogeita bost urtetik gora daraman emakume honek sariari buruz galdetutakoan. Echeverriak jatorri eta erlijio desberdinetako jendeen arteko elkarbizitza eta euren arteko gurutzatzea aipatu zituen Chaco bizitzeko leku egokia egiten duten ezaugarrien artean, ohiturak bilduz belaunaldi berri eskuzabal eta aurrerakoiak sortzen baitira elkar-ulertzeari begira, esan zuen.

Nekane Echeverria Azpeitian sortu zen eta hamabi urte zituela Iruñera aldatu zen bizitzera. Ikasketa aldetik, Arte Ederretan lizentziatu zen Florentzian (Italia) eta bertan ezagutu zuen Juan Prause inginaria, harekin etorri zelarik Chacoko Resistenciara 1982ko abuztuan. Geroztik Chacoko liburuari ekarri dizkio bere ahaleginak, familia sendoa sortu baitzuen hemen bi seme dituela, Ignacio, 25 urtekoa, abokatua eta egun doktoretza Europan ikasten ari dena, eta Guido, 21 urtekoa, hau ere lege ikasketak egiten ari dena, Iparrekialdeko Unibertsitate Nazionalean (UNN).

Lotura interesgarriak

Omenaldia, Chacoko Legebiltzarreko webgunean
22 gizataldetako immigranteak ohoraturik

Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxea
www.ecomchaco.com.ar/centrovasco



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia