Buenos Aires, Argentina. Europako hamar nazioren kultura, historia eta nortasuna omentzeko “Buenos Aires Celebra Europa" (Buenos Airesek Europa ospagai) jaialdiaren aurreneko edizioa burutu da pasa den igandean, maiatzaren 26an, hiriburu argentinarrean. Maiatzeko etorbidean, arratsalde bakar batean, hogeita hamar bat ikuskizun eskaini ziren, dantza folklorikoa, musika eta narrazioak tarteko. Kultura zabaltzeko beste hainbeste stand egon ziren, baita ere tailerrak, hizkuntza klase irekiak, artisautza erakustaldiak eta 50etik gora txosna, hirian elkarrekin bizi diren gizataldeen tradizioak ospatzeko. Bertan izan ziren, euskaldunen ordezkari, Buenos Aireseko Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskal elkarteak, eta dantza, musika, artisautza eta sukaldaritza proposamenak aurkeztu zituzten.
Eguraldiak ez zuela lagunduko aurreikusita zegoen. Izan ere, udazkenean, negu beteko tenperatura izaten ari da Buenos Aires. Baina zerua grisa eta hotza izan arren, kulturen topagune handira bertaratu zirenen berotasuna argi sentitu zen. Dantzek, Laurak Bat eta Euskaltzaleak-eko dantzari taldeen eskutik, oraingoan, publiko heterogeneoa eta euskal tradizio folklorikoarekin ohitu gabekoa topatu eta liluratu zuten. Renzo Bustosek zuzendutako “Akelarre”, Euskaltzaleak-eko dantzari talde berriak, debuta txalotua izan zuen Tacuarí kaleko agertokian. Mayo Etorbideko beste puntan, agertoki nagusian, José Gutiérrez eta Jorge Rabufettiren agindupean, Laurak Bateko danbor eta upelen Donostiako danborradak txalo zaparrada jaso zuen egunaren itxieran.
Agintariak bertan
Bertan izan ziren Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari Arantxa Goicoa eta Euskaltzaleak-eko lehendakari Anabel Jaureguiberry; baita Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola ere. Tokiko agintari argentinarren aldetik, Buenos Aires Hiriko Giza Eskubideen eta Hiritarren Kultura idazkariorde Pamela Malewicz eta Gizatalde eta Migranteen zuzendari nagusi Carla Artunduaga ere bertaratu ziren. Gogora dezagun FEVAko lehendakari Asier Iriberri eta lehendakariorde Arantxa Anitua asteburu horretan Kalifornian zirela, AEBetako NABO federazioak gonbidatuta, federazio euskal iparramerikarraren 2024ko Biltzar Nagusia eta Euskal Besta ospatzen Bakersfielden.