Villa Mariako Euzko Etxea euskal etxe argentinarrean izango da Euskara Munduan programako aurtengo Neguko Barnetegia, uztailaren 18tik 25era. Bertan irakasleentzako trebakuntza ikastaroa burutuko da baita ere, uztailaren 25 eta 26an. Argentinan Euskaraz proiektuaren 25. urtebetetzearen baitan, Euskal Aste Nazionaleko euskara ekintzetan parte hartzera gonbidatu du, bestetik, FEVAk, Macachingoko euskal etxe antolatzailearekin batera. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31an bukatuko da.
Buenos Aires, Argentina. HABE Institutuak sustatzen duen Euskara Munduan proiektuaren baitan eta FEVA eta bertako Euzko Etxea lagun, Cordoba probintziako Villa Maria hirian egingo da aurten Hego Amerikarako euskara irakasleak trebatzeko helburua duen ikastaro trinkoa.
2013an hasitako lau urteko plangintzari segida emanez, Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko hainbat euskal etxetako ordezkariak bilduko dira Euzko Etxean euren seigarren barnetegian parte hartzeko. Urtero bezala, klaseak goizez eta arratsaldez egingo dira, ikasleek astez aste ikastaro birtualean ikusi eta ikasitako gaietan sakondu baina batez ere mintza praktika sendotzeko asmoarekin.
Trebatzen ari diren ikasle-irakasleentzako ikastaroa bukatutakoan, euskal etxeetan jadanik irakasle aritzen direnak ere elkartuko dira Villa Marian baina beren kasuan jardunaldi didaktikoetan parte hartzera. Esperientziak partekatu eta euskara irakaskuntzaren inguruko hausnarketak egiteko xedea duen aktibitatea larunbat eguerdian hasi eta igande eguerdian bukatuko da, ordu eta erdiko lau saio bete ondoren.
Euskal Aste Nazionaleko Lehiaketak
Aurten ere izango du euskaldunen hizkuntzak leku berezi bat Euskal Aste Nazionalean. Hori dela eta Macachingo euskal etxe antolatzaileak eta FEVAk Euskal Asteari begirako Euskara Lehiaketen oinarriak plazaratu dituzte aste honetan.
Deialdiak hiru dira –Umeen postalak, Kartel Lehiaketa eta Ipuin Lehiaketa– eta lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31an bukatuko da. Urtero bezala, sari banaketa Euskal Astean izango da, azken bazkarian hain zuzen.
UMEEN POSTALAK
Txikiek egin behar dituzten postalak Eguberrietan, Urte Berrian, Euskararen Egunean eta abarrean bidaltzeko izango dira; irudiak A4 tamainako orri baten erdian egingo dira, taldeka, eta teknika librea erabiliz (Informazioa gehiago hemen).
KARTEL LEHIAKETA
Euskara ikasle eta irakasleek har dezakete parte Argentinako 2016ko euskara klaseak iragartzeko erabiliko den afixa hautatzeko helburua duen lehiaketa honetan. Diseinuak banaka edo taldeka (gehienez lau lagun) aurkeztu ahal izango dira, baina partaide bakoitzak lan bat baino ezin izango du bidali. Kartelek ezin izango dituzte lau kolore baino gehiago izan eta ez dira arkatzez egindakoak onartuko (informazio gehiago hemen).
IPUIN LEHIAKETA
Deialdi hau euskara ikasle eta irakasleei dago zuzenduta eta umeentzako materiala sortzea dauka helburu. Lau kategoriatan banatuko dira partaideak –17 urte artekoak, 18 urtetik gorakoak, banaka lan egiten dutenak eta taldeka aurkeztuko direnak– eta modalitate bakoitzean lan bat baino gehiago ezin izango da aurkeztu. Gaiari dagokionez, haur literaturaren ingurukoa behar du izan, generoa, librea (Informazio gehiago, hemen).
Lanak Macachingo Asociación Union Baska-ra bidali behar dira helbide honetara: Parodi 340, 6307, Macachín, La Pampa. Idazlanak, gainera, posta elektronikoz ere helarazi behar zaizkie FEVAri, (FEVA_EUSKERA@fibertel.com.ar), eta euskal etxeari, (centrovascoea@gmail.com). Epea abuztuaren 31an bukatuko da.