euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Negu gorri-gorrian San Juan Suak gaurik luzeena berotuko du Hego Amerikako hainbat euskal etxetan

2016/06/23

Cañuelas eta Chivilcoy hirietako euskal etxeetako festara joateko gonbitea
Cañuelas eta Chivilcoy hirietako euskal etxeetako festara joateko gonbitea

PUBLIZITATEA

Gaurtik hasita eta asteburuan zehar Argentina eta Uruguaiko hainbat euskal etxek neguko solstizioa ospatuko dute, mota askotako ekintzekin. Guztietan San Juan Sua izango da erakarpen nagusia; baina ikuskizuna osatzeko, euskal dantzak, musika, eta edari beroak ere eskainiko zaizkie bildutakoei. Hona, Buenos Aires, Bahia Blanca, Cañuelas, Chivilcoy, Necochea, Trenque Lauquen eta Montevideon egingo diren ekitaldien informazioa.

Buenos Aires, Argentina. Antzinako ohiturari jarraiki, munduko herri eta hiri askotan ospatuko da San Juan bezpera suarekin lotutako ekitaldiak eginez. Hego Amerikako euskal etxeek ere egingo dute bat jai honekin eta kideak eta oro har herritar guztiak gonbidatuko dituzte festa koloredun eta alai honetan parte hartzera. Gogora dezagun hego hemisferioan San Juan gauarekin batera negua hasten dela; hori dela eta suaren ondoan egoteko –eta dantza egiteko, txokolate beroa hartzeko eta euskal kultura zabaltzeko– aitzakia paregabea da.

Jai magikoa, euskal etxe hauetan ospatuko da gaurtik aurrera. Zure euskal etxean ere ospatzen bada eta zerrendan agertzen ez bada, kontakta ezazu gurekin gure agendan sartzeko.

Montevideon: Haize Hegoa Euskal Etxeak antolaturik, gaur bertan piztuko da San Juan Sua Montevideon, erakundearen egoitzaren aurrean. Edonor hurbil daiteke Isabela eta Chopitea kaleen gurutzera gauza zaharrak erretzeko. Suaren inguruan dantzatuko eta abestuko dute euskal etxeko kideek. Edari beroak ere eskainiko zaizkie bildutakoei.

Bahia Blancan: ekainaren 24an, 18:45etan, Union Vasca Euskal Etxearen instalazioetan izango da topaketa. Hasteko, jolasak egingo dira eta goxokiak banatuko bildutakoen artean. 19:30etan, euskal dantza ikuskizuna eskainiko da Suaren inguruan.

Buenos Airesen: ekainaren 25ean egingo du bere Sorgin Afaria Iparraldeko Euskal Etxeak. Urtero bezala, Moreno kalean dagoen egoitzako kintxoan bilduko dira hiriburuko sorginak menu goxoaz gozatzeko: sarrera, babarrunak, sagar erreak eta edariak. Jolasak eta dantzak ere sartuko dira programan eta gauerdi aldera konjuruak eta zurrakapotea. Mozorro onenak diploma bat irabaziko du. Jaia gaueko 9:30etan hasiko da eta sarrerak 180 peso balio ditu. Antolatzaileek eskertuko dute sarrerak aldez aurretik erosten badira. Erreserbak egiteko (ekainaren 24a arte), deitu 15 3784 5370 telefonora edo idatzi ibaiak@hotmail.com helbide elektronikora.

Cañuelasen: hiriko Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile, ekainaren 25ean ospatuko dira sanjuanak Cañuelasen, iluntzeko 7etatik aurrera, bi ekintzarekin. Hasteko, kalejiran abiatuko dira erakundeko kide eta dantzariak euskal etxeko egoitzatik Parque de la Salud izeneko parkera. Bertan sorgin handi bat erreko da eta Sorgin dantza aurkeztuko dute etxeko dantzariek. Horren ostean, Denak Bat-eko dantzariek eta Jacaranda Eskolako Euskal Dantza Tailerreko kideek dantza ikuskizuna eskainiko dute euskal etxean bertan. Kantinan dilistak salduko dira.

Chivilcoyn: Beti Aurrera Euskal Etxeak ekainaren 26an piztuko du San Juan Sua, egoitzaren ondoko lur-eremuan. Topaketa arratsaldeko 3etan hasiko da dantza eta musika ikuskizun batekin. Etxeko dantzariak eta hiriko zenbaiy artista arituko dira arratsaldea animatzeko. Iluntzean, etxeko txikiek egindako panpin hadia eta panpin txikiagoak erreko dituzte Beti Aurrerakoek eta sua itzali eta gero euskal etxean bilduko dira berriro taberna zerbitzuaz eta festaz gozatzeko.

Necochean: Necocheako Euzko Etxeak ere ospatuko du larunbatean. Festan Euskal Mitologiako pertsonaia bat erreko da eta erre bitartean bere historia kontatuko zaio publikoari. Horretaz aparte, jendeak papertxoetan idatzitako asmoak erreko dira. Suaren ikuskizuna bukatuta, erromeria egingo da Euskal Etxearen areto nagusian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia