euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Negelua familia juntatu da Jutsiko Negelua sortetxean, etxea familiatik kanpoko eskuetara pasatu delarik

2009/08/17

Negelua aita-alaba Estatu Batuetan kantuz, Gardnervilleko Euskal Kantari Egunean, Kaliforniako familia bisitatzera joan zirelarik (argazkia EuskalKultura.com)
Negelua aita-alaba Estatu Batuetan kantuz, Gardnervilleko Euskal Kantari Egunean, Kaliforniako familia bisitatzera joan zirelarik (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Negeluatarrak familia ezagutua dira Jutsin eta Baxenabarren, eta baita Europatik kanpo ere, Ipar eta Hego Ameriketako Euskal Herrietan, hasteko Argentinan eta Estatu Batuetan. Euskaldun familia atxikia izanik, euskara biziarazten dute eta euskara ederrean mintzo dira, hala nola Kalifornian sortu eta euskal etxeetan heien lan ona emaiten dutenak. Iragan hilabetean, familia elgarretaratzea ukan dute Jutsin, Negelua sortetxean, etxea familiakoen eskuetan gehiago ez bada ere, atxiki nahi baitute biltzeko izpiritu eta gogoa, beti euskaldun omore eta giro onean. Uztailaren 12an egin zuten bilkuraren aipu hau Herria astekaritik ekarria da.

P. L./Jutsi, Nafarroa Beherea. Badakigu Euskal Herrian baditugula etxeak nun izena eta jabearen deitura oraino berdina baitute; hori gertatu da Negeluan berriki arte eta huna nun familia hortakoek ideia on bat ukan duten deliberatuz elgarretaratu behar zutela. Hori egin dute uztailaren 12an, 140 lagun kondatzen zituztela xahar eta gazte.

Eguerdiko denak bioldu dira Negelua etxe ondoan zointan oren pare batez gozatu baitute elgar horgo ingurumen ederrean artetik zintzurra bustiz bixtan dena. Ondotik etorri dira ezker pareta  berrirat eta hor apairu on bat egin dute omore hoberenean.

Jakinez Negeluko familia hortan badirela kantua, bertsua eta musika maite dutenak, pentsatzekoa da zer giroa izan den. Salbu pena bat izan dute zeren Argentinako kusiak etoprtzekoak ziren bainan ezin izan dute jin. Familia eder honek gure goresmenak onhar ditzala.

Hona pestaren kronika pertsutan Erramun Negueloua-ren eskutik:

Neguaren ondotik bai uda hor dugu
Oi zer sasoin ederra uztaila baitugu
Aro ezin hobea gogoak arin tugu
Bi bertsutan nik ere zerbait errango dut.

Bi mila bederatzi uztail hamabia
Hementxe juntaturik hortxet populia
Nork erranen hok denak dena familia
Elgar ezagutzeko ezagutzeko hor gaiten balia.

Negelua izena munduan hedaturik
Ezagutu beharrez hemen juntaturik
Kasik harriturik-ta begiak larriturik
Horren gatik egun hau dela hautaturik.

Mende bereko gira ez da dudatzeko
Bai xahar eta gazte adin guzitako
Ustez urrunagorik jin beharrak franko
Beti zerbait agitzen azken mementoko.

Ezin erran noiz danik partitu etxetik
Lehen burhasoak ote juan ziren Jutsitik
Bizitzeko manera behartzen nunbaitik
Gogoa trixte segur bai Negeluatik.

Musikari kantari familian bada
Egun goxo batentzat bai manera hor da
Bozkariozko eguna izanen ahal da
Ez dezagun hoberik Jainkoari galda.

Ez ditzagun ahantzi hemen ez direnak
Familia bereko xahartu daudenak
Berdin urrunetik lotsaren hobena
Bizia hola baita nehork ezin mana.

Bestaren finitzean bihotza da hozten
Bakotxak lekurat ikusten partitzen
Egun goxo bar dela gogoan pasatzen
Agurrik beroenak orori hedatzen.

(2009ko uztailaren 12an, Erramun Negueloua)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia