euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheatik Sydney-ra, munduko euskaldunak Aberri Eguna ospatzeko bilduko dira igandean

2013/03/26

Iazko Aberri Eguneko jaia, Quebec-eko Euskaldunak elkartean (argazkia QuebecEE)
Iazko Aberri Eguneko jaia, Quebec-eko Euskaldunak elkartean (argazkia QuebecEE)

PUBLIZITATEA

Urtero legez, Diasporako euskal etxeak Aberri Eguna ospatzeko ari dira prestatzen, datorren igande honetan. Atzerrian diren euskaldunentzako jairik garrantzitsuenetakoa da hau, eta urtero ekitaldi ugari antolatzen dituzte euskal elkarteek. Argentinako Necochea hirian, adibidez, euskal etxeak hiru eguneko egitaraua prestatu du, ostiraletik hasita. Halarik ere, beste zenbaitek, batez ere Argentinan, datorren asteraino atzeratuko dituzte ekitaldiak, oporrak direla eta.

Donostia-San Sebastian. Necocheako Euzko Etxeak Aberri Eguna ospatzeko egitarau mardula prestatu du aurten eta ostiral honetan bertan abiatuko dute, euskal etxeko muslarien artean jokatuko den txapelketarekin. Larunbatean, Korrika 18ren karira, lasterketa antolatu dute elkartekoek hiriko kaleetan barrena eta ondoren afari-dantzaldia egingo dituzte 2013ko Hator Hona programako irakasle gazteen omenez.

Urtero legez, ekitaldi nagusia igandean izango da . Eguna Karmengo Andra Mari elizan egingo den mezarekin hasiko da. Ondoren Gernikako kimuari omenaldia egingo diote eta, azkenik, txikiteoa egingo da euskal etxean.

Aberri Egunak indar handia du Caracaseko Eusko Etxean ere eta, urtero legez, bertara bilduko dira Venezuelako hiriburuko euskaldun asko igandean. Egitaraua 11:00etan hasiko da, meza elizkizunarekin. Ondoren Venezuela eta Euskadiko ereserkiak entzungo dira, ohorezko aurreskua dantzatuko da eta gudariaren monumentuari lore eskaintza egingo diote. Eguerdian, pilota partidak jolastuko dira Jai Alai frontoian eta 15:00 bazkaria egingo da elkarteko areto nagusian.

Londres eta New York

Igandean ere ospatuko dute Aberri Eguneko jaia Londresko Basque Society elkartean. Hango euskaldunek jakinarazi dutenez, 12:00etan bilduko dira, euskal garagardo dastaketa egiteko London Fields parkean, "On The Park" pub-aren eskutik. Eguerdian, bazkari herrikoia egingo dute Baxter’s Courten.

New Yorkeko Euzko Etxean ere jai egun oso garrantzitsua da Aberri Eguna eta elkarteak igandean bertan ospatuko du. Euskal etxeak mendeurrena betetzen du aurten, eta antolatu diren ekitaldi berezien artean, euskal etxeko iraganeko lehendakariak omenduko dituzte. Horrez gain, zanpantzarrek erakustaldia eskainiko dute McCarren parkean eta ondoren euskal etxean meza ospatuko da. Egunari bukaera biribila emateko afaria egingo dute gero New York-eko euskaldunek.

Madril, Sydney, Vancouver...

Madrilen, Euskal Etxeak bazkaria antolatu du igandean Aberri Eguna ospatzeko. Bazkaria elkartearen egoitzan dagoen Sagardi jatetxean egingo da eta menua honakoa izango da: Tolosako babarrunak, behi-masaila hezur-muin deluxez lagunduta, mamia, ardoa eta kafea.

Eta, momentuz, geurera heldu diren igandeko hitzorduekin amaitzeko, Sydneyko Gure Txoko elkarteak Aberri Eguneko piknika egingo du, urtero legez Centennial Park-en, Gernikako Arbolaren kimuaren gerizpean.

Azkenik, Vancouverreko Zazpiak Bat euskal etxeak apirilaren 6an ospatuko du Aberri Eguneko jaia, Burnabyko Mayview Circle-en egingo den bazkari batekin. Menua ondokoek osatuko dute: zizka-mizkak, bakailaoa Bizkaiko erara, arroza, postrea, ardoa eta kafea.

Argentina, Txile eta Uruguaiko elkarte askok beste astebete atzeratuko dute jaia, oporretatik bueltan bazkide gehiagori bertan parte hartzeko aukera emateko. Datozen egunetan eta gure Agendan emango dugu horien berri.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia