euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hator Hona 2014ko gazteen zerrenda eta egitaraua plazaratu ditu Necocheako Zahar Alai taldeak

2014/05/21

Hator Honako 2014ko edizioa uztailean abiatuko da
Hator Honako 2014ko edizioa uztailean abiatuko da

PUBLIZITATEA

Iaz Euskal Herrian burutu zen edizioaren ostean, Atlantikoaren alde honetara bueltatuko da aurten Necocheako Euzko Etxeak, eta zehatzago bertako Zahar Alai dantzari taldeak antolatutako Hator Hona programa. Euskal Hwerriko bederatzi gazteren eskutik, hainbat klase eta tailer eskainiko zaizkie hiru astetan zehar euskal etxeko kideei eta oro har komunitate osoari ere. Eskolak emateaz gain, erakundearen ohiko ospakizunetan ere hartuko dute parte bisitariek. Aurtengo behin behineko datak, uztailaren 17tik abuztuaren 10era.

Necochea, Argentina. Hautaketa egin eta gero Hator Hona programaren 2014ko edizioan parte hartuko duten gazteen zerrenda plazaratu du Necocheako Zahar Alai taldeak. Hautaketa ez da erraza izan eta taldeko kide den Marcial Agostini Zubillagak adierazi digun legez, “harrituta eta aldi berean oso pozik gaude jaso ditugun eskaera ugariengatik. Urtez urte gero eta gehiago datozkigu. Asko gustatuko litzaiguke jende gehiago ekartzea baina ezin dugu, batez ezin dugulako jende gehiago hartu etxeetan. Dena den, partaideen kopurua igo egin dugu aurten: bederatzi gazte etorriko dira. 2005etik ez genuen horrenbeste lagun jasotzen”.

Antolatzaileek jakinarazi digutenez, hauxe da Euskal Herritik etorriko diren gazteen gazteen zerrenda:
-Beñat Konde Untzilla (Elgoibar)
-Eñaut Arretxe Agirre (Segura)
-Itxaso Saenz de Lafuente Gonzalez de Mendivil (Gasteiz)
-Izaro Intsausti (Ordizia)
-Nekane Agirre Saldias (Sunbilla)
-Olatz Mitxelena Larreta (Oiartzun)
-Uxue Etxebeste Eizagirre (Alkiza)
-Xabier Maritxalar Errandonea (Lesaka)
-Xabier Urtasun Eraso (Irurita)

Programaren plangintzari dagokionez, Euskal Herriko taldearen iristearekin eta Ezeiza aireportuan egingo zaien harrerarekin hasiko dira ekintzak. Ezeizatik zuzen Necocheara abiatuko dira bisitari eta anfitrioiak eta Necocheako euskal etxean ongi etorri topaketa egingo da. Astelehenetik aurrera, klase eta tailerrak hasiko dira. Programa barruan euskal sukaldaritza, dantza, trikitixa, panderoa, herri kirolak eta euskara irakatsiko dira. Ohi bezala, euskal etxeko kideei ez ezik komunitateari ere zabalduko zaizkie saioak.

Euskal Etxearen ohiko ospakizunak gazte europarrak partaide eta lankide egingo dira. Izan ere, uztailaren 31an, goizaldean, “Iratzartze Alaia” (Alegre Despertar) burutuko da eta Euzko Etxea-ko kideen etxeen aurrean dantza eta musika emanaldiak egingo dira. Egun berean baina eguerdi aldera, hiriko agintariak bisitatuko dituzte gazteek eta horren ostean lore eskaintza egingo da Gernikako Arbolaren kimuaren oinarrian. Abuztuaren 2an, berriz, San Inazio afaria gauzatuko da eta afarian bertan klase eta tailerretako ikasleek hiru aste horietan ikasitakoa erakutsiko dute. Azken astean, euskal etxeko adindunak omenduko dira ‘Aiton-amonen jaia’ izeneko jaiarekin. Topaketa honetan etxeko edade guztietako dantzariek –txikiek, ertainek eta Gazte Alai taldekoek– dantzatuko dute.

Erabat murgilduta dabiltza honezkero Necocheako Euzko Etxea-ko kide guztiak baina batez ere gazteak, programaren antolaketa kontuetan. Oraindik lan handia dute aurretik baina “lagunak jasotzeko irrikan” daude Zahar Alai-koak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia