euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Hator Hona programako partaideek Argentinako euren ‘gurasoak’ jaso zituzten Euskal Herrian

2012/10/23

Necocheako ordezkaritza Gernikako Arbolaren aurrean (argazkiaEE)
Necocheako ordezkaritza Gernikako Arbolaren aurrean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Necocheako Euzko Etxearen baitan sortu zen 2004an ‘Hator Hona’ programa. Gazteei dago zuzenduta, Euskal Herrikoei baita Argentinakoei ere. Hala ere, 2012 honetako edizioa berezia izan da erabat. Izan ere, bi zatitan antolatu da aurtengo ‘Hator Hona’ eta gazteak ez ezik, helduak ere izan ditu kontuan: euren etxeetan neska eta mutil euskaldunak hartutako Necocheako hainbat ‘gurasok’ Euskal Herria bisitatu dute bertako uda hasieran. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, hamabost eguneko egonaldiaren laburpen eta irudiak.

Necochea, Argentina. ‘Hator Hona’-ren bidez, urtero etortzen da Argentinara neska eta mutil euskaldun multzo bat Necocheako euskal etxean euskal kulturaren hainbat arlotako diziplinak irakatsi edo konpartitzera, tartean euskara bera, dantzak, musika eta kirolak. Programak, gainera, 2008an euskal etxeko Gazte Alai taldeko 23 dantzari Euskal Herrira bidaiatzeko bidea erraztu zuen. Dudarik gabe, bi herrialdeetako gazteen arteko esperientzien trukea da ekimenaren helburu eta lorpen nagusia. Proiektua arrakastatsua izan da hasiera-hasieratik 2004tik hona Euskal Herriko hirurogei bat gaztek onartu baitute Necocheako euskal etxeko kideen gonbitea.

2012an, ordea, nobedade batekin gauzatu da proiektua. Euskal Herriko sei neska-mutil Necocheara etortzeaz gain, 2004tik hona euren etxeetan gazte euskaldunak jasotako 19 guraso Euskal Herrira bidaiatu ziren ekainaren 23an. “Hator Hona programako neska-mutilek gonbidaturik eta Euskal Herrian bizi diren necocheatarrek lagunduta --tartean Maite Bilbao, Amaia Martinez de Ustaran, Patxi Ibarguren, Natalia Ardanaz, Sebi Ustarroz eta Iñaki Bilbao-- bi aste zoragarri igaro zituzten Euzko Etxeako gurasoek Pirinioen magaleko herrialdean. Beste lagun batzuen laguntza ere ezinbestekoa izan zen bidaia behar bezala ateratzeko, Txiber Iraola, Eztitxu Barrenetxea, Manu Piñeiro, Barrenetxea familia (Koro, Axentxio, Karmele, Joxe Mari eta Manoli), eta Virginia eta Osvaldo Martínez”, azaldu diote EuiskalKultura.com-i Necocheako euskal etxetik.

Hator Honako gurasoak 2012 01

[Necocheatarrak, Leitzako Museoan, Iñaki Perurenarekin (argazkia EE)]

Ibilbidea ekainaren 23an hasi zen Hernanin eta San Juan suaz gozatzeaz gain bigantxen ateratzeaz, azeri dantzaz eta korridez gozatu zuten. Gainera, herriko txarangekin eta Patxi Perezekin dantzatu, Beti Alperrak koadrilakoekin topa egin eta San Juan Konpartsako lagunekin afaldu zuten argentinarrek. Ostatua, Hernaniko Arrobi Ostatuan hartu zuten bidaiariek.

Aktibitate handiko egun horri, lehenengoa beste hainbesteko gehiagok jarraitu zioten: Iñaki Perurenaren eskutik Leitzako bere museoa ezagutu zuten, Luis Irizar eta Josetxorekin Donostiako portuko sukaldaritza eskolara joan ziren, Juan M. Abad eta Gaztelubideko lagunekin bazkaldu eta Edu Muruamendiaraz-en dantza taldearen ikuskizun bat ikusi zuten. Necochean izandako artista askorekin ere izan ziren, adibidez Eli, Ane eta Ekain Aukeran taldekoekin eta Lurdes Esnaola dantzariarekin: horretaz gain, Xabi Solano trikitilariarekin (Etzakit/Esne Beltza), eta Ander Barrenetxea musikariarekin ere izan ziren.

Hator Honako gurasoak 2012 02

[Irudi tradizional batean, argentinarrek euren zapi gorriak altxatzen dituzten Sanferminetan (argazkia EE)]

Hegoaldeko zein Iparraldeko herri ugari bisitatu zituzten turista argentinarrek Euskal Herriko uda giroa aprobetxatuz: Iruñea, Beasain, Zerain, Segura, Ormaiztegi, Zumarraga, Gabiria, Urretxu, Idiazabal, Elizondo, Arizkun, Bera, Erratzu, Etxalar, Lesaka, Bozate, Donibane Loizune, Hendaia, Gernika, Bermeo, Lekeitio, Elantxobe, Ondarroa, Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Lasarte-Oria, eta Bilbo, batzuk aipatzearren. Eta ibilbidean ez zuten galdu ez Gaztelugatxeko baselizako kanpaiak jotzeko aukera ezta Zugarramurdiko kobazuloetan barneratzekoa ere.

Hamabost egun hauetan egindako txangoetara, eta txandaka, Hator Hona programan parte hartu izandako gazteek lagundu zituzten Argentinako euren ‘gurasoak’. Azken agurrerako momentua ere iritsi zen eta egun hartan Hator Honako gazte asko bertaratu ziren Oialume sagardotegira agurtze afarian egon ahal izateko. Manu, Txiber, Ainara, Ixi, Gari, Jone, Ainhoa, Aiora, Jon, Zuriñe, Beñat, Urtzi, Karin, Gorka, Haizea, Oihana, Maialen, June, Olatz, Mikel, Aitor, Joana, Ruth eta Izaskun elkartu ziren berriro, eta Euskal Herrian, Necocheako familiarekin.

“Bidaiaren ostean dena aldatuko da gure Euzko Etxean. Bizi izandako guztiak arrasto sakona utzi zigun eta energiaz beterik jarraituko dugu, gure arbasoen herriko kultura zabaltzen. Bide batez bihotz bihotzez esan nahi diegu Euskal Herriko gazteei hemen, Necochean, etxea badutela”, adierazi digute Euzko Etxea-ko kideek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia