euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Euzko Etxeak San Sebastian eguna ospatzeko danborrekin eginiko burrunba oso nabaria izan zen

2008/02/07

Danborjoleak San Sebastian martxa jotzen, Alfonso Picon 'danbor nagusi' edo zuzendari dutela
Danborjoleak San Sebastian martxa jotzen, Alfonso Picon 'danbor nagusi' edo zuzendari dutela

PUBLIZITATEA

Argentina uda garaian dago momentu honetan, baina beroak ekar dezakeen nagikeria ez da batere nabaritu bukatu berria den urtarrilean Necochean. Izan ere, zenbait euskal ekintza ospatu dituzte euskal necocheatarrek joan den hilean, tartean Kolektibitateen Azoka eta San Sebastian eguneko danborrada eta jaiak. Gipuzkoako hainbat herri eta hirietan ospatzen den sansebastian oso hitzordu berezitzat hartua dute Necocheako euskaldunek. Danborrak eta barrikak soinean, argentinar kostaldeko hiri honetako kaleak animatzen dituzte urtero.
Uda garaia bada ere mutur austral honetan, Necocheako euskal etxeko bazkide eta lagunek badakite urtero egun lanpetuak direla urterrilekoak, jende guztia oporretan dagoen bitartean bertako Euzko Etxea-k San Sebastian egunaren inguruko programa prestatu behar baitu, danborrada entsaioak-eta barne, eta ondotik, joan den 26an gertatu bezala, Gizataldeen edo Kolektibitateen Azokako egunak baitatoz, eta hor ere euskaldunek euren standa daukate, urtero behar bezala zaindu eta atenditu behar dena. Sansebastian jaiei dagokienez, aurtengoan urtarrilaren 18an, ostegunez, hasi ziren, kalejira bizi-biziarekin herriko kaleeetan, musika eta buruhandi eta erraldoiak lagun.

Aurten San Sebastian bezpera larunbata suertatu denez, ohiturari lotuago ibiltzeko aukera ere izan zuten necocheatarrek. Afari bikainaren ostean, bertako sukaldetik ateratako plater goxoen ondotik, erromeriari ekin zioten, honi ere gogor. Euskal etxeko Gazte Alai eta Zahar Alai taldeek parte hartu zuten dantza erakustaldian. Azken hau, ikasketak direla-eta urtea La Plata eta Buenos Airesen pasatzen duten bertako gazteek osatua, uda sorterrian pasatzera etorriak. Dantzari izpiritu eta izaera atxikiz, beraz.

[Gazte Alai eta Zahar Alai taldeen emanaldia]

Festako unerik garrantzitsuena

San Sebastian bezperako afalondoa ospakizunari ateak behar bezala zabaltzeko unea, eta une garrantzitsua izan ohi da. Gau necocheatarrak txalaparta baten perkusio soinu eta ttakuna ere bildu zuen eta Gazte Alai taldearen dantzek jarraitu zuten giroa. Usadioak markatutakoa betez, momenturik garrantzitsuena gaueko hamabietan ailegatu zen, urtarrilaren 20ari bidea emanez. Orduan, bertaratutakoek San Sebastian martxa jo zuten, danbor eta barrikei eraginez, Alfonso Picon danbor nagusi edo zuzendari zutela.

[Txalapartak ere bere ekarria egin zion ekitaldiari]

Jarraian, urtero Necocheako gau honetako momentu hunkigarrienetakoa iritsi zen. Urtero ekitaldi honetan erakundeko 'alkatea' izendatzen baita eta aurten, otsail honetan 90 urte beteko dituen Geronimo Sagües izan zen aukeratutako pertsona. Urtebetez karguan arituko den alkate berri honi aginte makila eman eta aurreskua dantzatuz ohore egin zitzaion.

Agurren garaia

Musika arloan, beren instrumentuekin jendea gozaraziz, gazte talde bat aritu zen, esan nahi baita Sebastian eta Maria Clara Ustarroz, Andoni Martinez de Ustaran, Fermin Picon eta Joana Ortega Barrenetxea. Azken hau Gipuzkoakoa, henaniarra, eta Necocheara lehenengo aldiz Euzko Etxeak urtero antolatzen duen Hator Hator proiektuaren bidez etorri zena. Hainbatetan itzuli izan da geroztik, azkenekoz La Platako Unibertsitatean ikasle sartu zen arte. Aurten amaitu ditu ikasketak bertan eta Euskal Herrira itzultzeko garaia iritsi zaio. Jendearen izan duen tratu estua agerian gelditu zen ekitaldian. Itzulitakoan bere trikitixa ere eramango du, Necochean egon bitartean hainbat bilera animatu zituen musika-tresna. Tresna eta jolea, bien hutsunean sentituko omen dute.

[Musikari gazteen erritmo, akorde eta aire alaiek festa alaitu eta bizitasunez bete zuten]

Necocheako hitzordu honetara bildutakoen artean necocheatar ugari zegoen, baina baita ere --hau ere ohitura bihurtua-- inguru zabal bateko beste hamaika leku eta euskal etxeetako kideak, hala nola Bahia Blanca, Mar de Plata, Tandil, Balcarce, Rosario, Pergamino, Chascomus, Buenos Aires eta La Platako Euskal Etxeetako kideak. Guztiek euren zatitxoa jarri zuten festako alaitasuna eta giro ona indartzeko.

Kolektibitateen Azoka

Urtarril osoko euskal jardunetan azkena, hilabeteko azken asteburuan egina, Kolektibitateen Azoka, eta hor ere ohiko presentzia izan zuen Necocheako Euzko Etxea-k, euskaldunen ordezkaritza zeraman stand edo erakustokia ipiniz. Jende ugari erakarri zuen, txistorra eta pintxoen izen eta usainaren laguntzaz. Euskal eskaintza osatuz, Gazte Alai taldeko gazteen dantzek agertoki gaineko gailurra eman zioten partaidetzari.

[Gazte Alai taldeko kideak dantzari, ikurriña astintzen]

Azokak, bertaratutako kolektibitate bakoitzeko plater ezagutuenak edo arrakastatsuenak eskaintzen zituen eta publikoak herrialde bakoitzeko dantzak ikusi bitartean dasta zitzakeen. Euskaldunez gain, Kolektibitateen Azokak andaluziarrak, arabiarrak, frantsesak, daniarrak, txiletarrak, grekoak, alemaniarrak --lehen aldiz-- eta Italiako herrialde ezberdinetakoak bildu zituen..


Lotura interesgarriak

Necocheako Euzko Etxea
www.euzkoetxea.com.ar

Arrakastaz amaitu da Necochean 'Hator Hator' programa
2007ko irailaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Erromeria herrikoi batek emango die amaiera San Inazio ekitaldiei
2007ko abuztuaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana

Necocheako Euzko Etxeak Sorgina erre zuen San Juan Gauean
2007ko uztailaren 5ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia