Necochea, Argentina. “Danborrada entseatzera bildu gara berriro Euskal Etxean” iragarri dute aste honetan Euzko Etxeko lagunek beren sare sozialetan. Mezuak danbor jotzaileen zirrara adierazteaz gain gonbitea ere bada publikoak eta zaleak agendak antolatzen hasi eta elkarteak urteko jai preziatuenetakoa duen San Sebastian Danborrada eta Jaialdian parte hartzeko. Izan ere, iaz arte, 63 urtez etenik gabe egina zuten necocheatarrek festa hau eta 2021ean pandemiak behartuta bertanbeheratu zuten.
Donostian bertan eta Euskal Herrian COVID-19aren egoera okerragoa da Argentinan baino, eta gaiztotzen ari, eta oraindik kantzelazioa iragarri ez bada ere, susmo onik ez dabil Sarriegiren hirian. Argentinan, berriz, astebete pasexe geratzen da udako sasoiari ekiteko, eta testuinguru horretan graia honetako hitzordu eta ospakizun tradizionalak dira Necocheako Euzko Etxeak antolatu ohi dituen hauek.
Izan ere, aurtengoan osasun egoera momentuz hobea da Argentinan eta hori dela eta udako bere ekintza nagusiak iragarri ditu Euzko Etxeak: San Sebastian Jaialdia eta aurreko asteburuan, Gizataldeen Festa. Kronologikoki, Gizataldeen Festa urtarrilaren 14an, 15ean eta 16an, Miguel Lillo Parkean. Bertako euskal standean janari tipikoak eta dantza eta musika ikuskizunak iragarri dira, danborradaren lagin bat eta EEko Otxotearen emanaldia barne.
Danborrada eta San Sebastian jaiak
Necocheako aurtengo behin-behineko programan, San Sebastian jaiak urtarrilaren 20an bertan hasiko dira, bestelakorik adierazi ezean egitarau honi loturik:
Urtarrilaren 20an, osteguna
Euzko Etxeko familiak bere ardurapean hartuko dute hainbat haritzen zainketa Quequen ibaiaren ondoan dagoen, prest daudenean ‘Paseo de los Robles’era eraman eta bertan landatzeko. Triki-poteoa hiriko kaleetan
Urtarrilaren 21ean, ostirala
Pintxo eguna eta sagardotegia Euzko Etxeko aretoan.
Urtarrilaren 22an, larunbata
Euskal etxeen arteko "Carlos ‘Turco’ Bilbao" Pilota Txapelketa. Macachin, Bahia Blanca (Union Vasca), Mar del Plata, Tandil, Buenos Aires (Iparraldeko Euskal Etxea) eta Necochea (Euzko Etxea) hirietako izen handiko pilotariek hartuko dute parte. Erromeria, dantza tipikoak, danborrada eta Euskal Etxeko alkatearen hautaketa.
Informazio gehiago, parte hartzeko baldintzak edota behin betiko programa jakiteko, Euskal Etxearekin kontaktatu centrovasconecochea@yahoo.com.ar helbideen edo Centro Vasco Necochea Facebook kontuan.