euskal diaspora eta kultura
2014/02/10
PUBLIZITATEA
Necochea, Argentina. Urtetako ohiturari eutsiz, lan handia egin du aurten ere Necocheako Euzko Etxeak Kantauri Itsasoko eta Ozeano Atlantikoko kostaldeak hurbiltze aldera. Eta berriro ere lortu du, Donostiako Danborradaren soinuak Buenos Aires probintziara ekarriz.
Baina Necocheako Aste Nagusiaren 34. edizio honetan danborren hotsak ez dira izan euskal kulturaz gozatzeko Euzko Etxea-ko lagunek prestatutako gauza bakarra. Izan ere, Pilota Paleta erakusketa batekin hasi zen asteko programa urtarrilaren 11an. Nazioarteko mailako jokalariak bildu ziren euskal etxeko pilota lekuan, tartean, Vicente Lopezeko Sebastian, Santiago eta Facundo Andreasen anaiak, Gonzalez Chaveseko Juan Pedro Pecker, Tandilgo Gaston Inchausti, eta Necocheako Joseba Bilbao; erakustaldian irabazitakoa ‘Emilio Ferreyra’ udal ospitaleari eman zion euskal erakundeak dohaintzan.
Elizkizunak, Sukaldaritza eta Zinea
Egitarauarekin jarraituz, urtarrilaren 20an meza eman zen Nuestra Señora de Lourdes elizan. Elizkizunak bukatutakoan jaiaren lehenengo Danborrada egin behar zen elizaren atarian baina eguraldiak ez zuen batere lagundu eta elizaren barruan egin zen, Udal Musika Bandaren parte hartzea bertan behera utziz. Ekitaldia berriro programatu zen eta hurrengo ostiralean burutu zen, euskal etxearen egoitzan.
Euskal jaiak ez lirateke izango ez ‘euskal’ ezta jai ere euskal plater tipikorik gabe, hala esan ohi dute askok Argentinan. Kari horretara, eta etxe anfitrioiak gonbidaturik, Sukaldaritza Tailer bat eman zuen Rosariotik etorritako Arantza Soraluze chefak Necocheako San Sebastian Jaialdian.
[Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko jatetxeko arduradunak menu oso bat prestatu zuen, pausoak nola jarraitu azaltzen zuela (argazkia EE)]
Urtarrilaren 22an, berriz, beste kultur adierazpen batzuk nagusitu ziren. Alde batetik, abenduaren 31ean hil zen Rodolfo Campodonico margolari, marrazkilari eta muralistari omenaldi bat egin zitzaion. Zeremonia amaitzean, Baztan filma proiektatu zen egoitzako kultur aretoan. Ekimenak euskal etxeko lehendakari ohi Felipe Muguerza izan zuen aurkezle.
Necocheako ‘Konstituzio Plaza’
Jaiaren nobedaderik handiena Pintxo Egunean ikusi ahal izan zuten San Sebastian jaia ospatzera Necocheara bertaratutakoek. Guztien harrigarri, Donostiako Konstituzio Plazaren itxura eman zitzaion festa gauzatu eta pintxo eta edariak zerbitzatu ziren aretoari, Alde Zahar donostiarreko kaleak euren izenekin eta tabernak eurenekin ipinita.
[Necocheako euskal etxeko ‘Konstituzio Plazan’ ere bazeuden tradizio handiko tabernak eta harrizko galtzara edo kale-zoluak. Horrekin batera, Gipuzkoako hiriburuko argazkiak proiektatu ziren gauean zehar (argazkia EE)]
[Donostian bezala, harrera paregabea izan zuen Necochean miniatura-sukaldaritzak (argazkiaEE)]
Erromeria, paella eta alkate berria
Erritmo bizian iritsi zen astea bere amaierara eta programaren azken-aurreko egunean hirurehun bat lagun bildu ziren erromerian parte hartzera. Aipatzekoa da, gainera, herri askotako euskal etxeetako lagunek esan ziotela ‘baietz’ aurten ere Euzko Etxeak luzatutako gonbiteari. Mar del Plata, Bahia Blanca, Arrecifes, Villa Maria, Buenos Aires, La Plata, Tandil, Rosario, Parana, Cordoba, Maipu, Cañuelas, Puerto Madryn, Tres Arroyos, Laprida, Chascomus eta Balcarce herriek izan zituzten euren ordezkariak jaialdian.
[Plater tipikoez gozatu ondoren, danborradaren txanda ailegatu zen. Helduen Taldeak Necocheako Udal Musika Banda lagun jo zuen. Eta baita etxeko txikiek ere, hauek Donostiako Gaztelubide Elkarteak oparitutako ohol txikiak baliaturik (argazkiaEE)]
[Eta oparo baino oparoagoa izan zen programa honetan dantzak ezin ziren kanpoan geratu. Edade guztietako bertako dantzariek hartu zuten parte ikuskizunean, txikiek, ertainekoek, helduek eta 20 eta 45 urte artekoek (argazkiaEE)]
Mugimendu eta poztasun handiko egunak oso azkar pasatu ziren eta jaia urtarrilaren 25ean bukatu zen, hirurehun lagunetik gorako paella batekin. Hori baino lehen, euskal Herri Kirol saio bat eskaini zuten erakundeko gazteek.
Afariaren baitan, etxeko alkate berria hautatu zuten instituzioko kideek 2014-15 eperako. Luis Dominguez Muguerzak Donostiako Bandera altxatu zuenean, Tito Piconek zuzendutako danborrak berriro jarri ziren martxan.
[Etxeko dantzariek Aurreskua dantzatu zieten Sara Zubillaga alkate ohi eta Luis Dominguez Muguerza alkate berriari (fotoEE)]
Izendatze zeremonia honetan, Aukeran Konpainiako kide izandako Ane Anza donostiarrak dantza pausoak jarri zizkion San Sebastian Martxari, Danborradak lagunduta. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen, dantzan eta festan. Antolatzaileek pozez beteta agurtu zituzten gonbidatuak urtebete barru berriro elkartzeko aginduarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus