Necochea, Argentina. Bost urte pasa eta gero Euskal Argentinar Aste Nazionala Necocheara itzuliko da aurten, azaroaren 7tik 13ra. Aste horretan zehar euskal kulturarekin lotuta dauden hainbat ekintza egingo dira kostaldeko hirian, euskal gizataldeari eta baita hiriko komunitateari begira. Urtero bezala, dantzarien topaketa nagusia izango da Euskal Astea, eta hori dela eta talde guztiak izango dira Dantza Emanaldian protagonista. Danborrada, musika emanaldiak, erromeriak, plaza dantzak eta nola ez, azken agur bazkari erraldoia ere egongo dira aurtengo programa barruan.
Primizien artean, hala ere, badaude batzuk. Alde batetik, Patxi eta Konpainia arituko dira erromerietan hainbat euskal dantza erakusten eta irakasten. Euskarari dagokionez, proiektu polita antolatzen ari dira necocheatarrak Euskal Astean egiteko. “Asmoa da ‘mintzodromoa’ edo ‘mintzagunea’ egitea; bertan euskaldun guztiak, Euskal Herrikoak eta hemengoak, bildu ahal izango gara mintzatzera. Gure xedea da gure Euskal Aste honetan euskarari bultzada polita eta ikusgarritasuna ematea”, azaldu diote EuskalKultura.com-i irakasle gisa trebatzen ari den Necocheako Marcial Agostini Zubillagak.
Baina dudarik gabe, jaiaren ikuskizun nagusietako bat Kalakan taldea izango da. Iparraldeko hirukoteak azaroaren 11an joko du Necochean.
VOUCHERRAK
Ostiral, larunbat eta iganderako voucherra:
-Dantzari eta euskara ikasleentzat: $ 2500.
-Laguntzaileak: $3000
Larunbat eta iganderako voucherra:
-Dantzari eta euskara ikasleentzat: $ 1700.
-Laguntzaileak: $ 2200.
Barne: gosariak, hotela, bazkari-afariak, emanaldietarako sarrerak eta azken agur-bazkaria. Informazio gehiago, centrovasconecochea@yahoo.com.ar helbidean.
2016ko Hator Hona
Hator Hona programari dagokionez, uztailaren 15ean argentinaratu ziren Euskal Herriko bost gazte partaideak eta berehala jarri zituzten martxan geroztik Euzko Etxean egiten ari diren tailerrak. Hiru euskara talde daude, Alaitz Imaz Arrondo segurar eta Maite Murgia Ioldi lazkaotarraren ardurapean; Amaia Alvarez Etxeberria beasaindarrak eta Julene Otegi Beldarrain mungiarrak dantza eskolak ematen dizkiete txiki, gazte eta helduei; pandero (Julene) eta trikitixa (Alaitz y Maite) klaseak ere ematen dira; eta kirolen arduraduna Danel Llavori zumaiarra da. Bere esku daude pilota eta herri kirolen eskolak.
Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, “lehenengo egunetan batez ere hiria ezagutu zuten eta programaren gauzak antolatu genituen. Zoritxarrez, eguraldiak ez du asko laguntzen eta euskal etxetik kanpo ezer gutxi egin ahal izan dugu. Hala ere erabat taldekatuta daude bostak eta oso pozik. Harrituta ere badaude. Euren lehenengo aldia da Argentinan eta ez zuten espero hain distantzia handiak aurkitzea. Hiri batetik bestera eta baita hiri baten barruan leku batetik bestera joateko distantziak izugarri luzeak iruditzen zaizkie”.
Hator Hona programaren edizio guztietan bezala, ahalik eta gehien ari dira probesten necocheatarrak bisitarien egonaldia eta asko ikasteaz gain, euren arteko loturak ere ari dira sendotzen. 2016ko edizioa datorren abuztuaren 5ean bukatuko da, Aitonen Jaiaren eta Andra Mari Zuriaren ospakizunekin.