euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Euzko Etxeak Aberri Egunean eta Dantzari Ohien Jaian parte hartzera gonbidatzen du

2013/03/14

2011ko Aberri Eguna eta Korrika Necochean (argazkiaEE)
2011ko Aberri Eguna eta Korrika Necochean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Bi deialdi berezi luzatu dizkio Necocheako euskal etxeak komunitateari bere azken ‘Mezulari’ buletinean. Batetik, Aberri Eguna ospatuko du erakundeak eta Aberri Eguneko ekitaldien baitan, Korrika 18. Bestetik, garai guztietako instituzioko dantzariak bildu nahian, Dantzari Ohien Jaia burutuko du Euzko Etxeak datorren apirilean 13an. Hitzordu hauetaz gain, euskara klaseak eta saskibaloi taldearen entrenamenduak ere hasiko direla hil honetan jakinarazi digute Necocheatik.

Necochea, Argentina. Programa oparoa eskainiko du Euzko Etxeak datorren martxoaren 29tik 31ra. Izan ere, Necocheako lagunek aste pare bat atzeratuko dute euskararen aldeko lasterketa euskal egutegian garrantzi handia duten bi ekimenok, Aberri Eguna eta Korrika, asteburu berean ospatzearren.

Ekintzak martxoaren 29an hasiko dira Mus txapelketa batekin; biharamunean, goizeko 11etan aterako da Korrika euskal etxeko ataritik eta gauean  ‘2013ko Hator Hona’ delako afaria egingo da. Igandean, 31ean, berriz, meza egitarautu du euskal erakundeak Santa Maria del Carmen elizan. Eguerdi aldera, Dardo Rocha Plaza izango da elkargunea. Bertan omenaldi bat eta lore sorta eskainiko dute Euzko Etxea-koek Aberri Eguna aldarrikatzeko. Zeremonia bukatuta, euskal etxeko egoitzan bilduko dira bat egin nahi dutenek, txikiteoa egiteko.

Apirilaren 13an Dantzari ohien festa

Dantzari ohien elkarretaratzearen antolaketan murgilduta dabiltza egun hauetan Euzko Etxea-ko kideak. Bilera batzuk gauzatu ondoren data eta lekua baieztatuta daude jadanik. Jai-afaria apirilaren 13an izango da, egoitzako erabilera anitzeko aretoan.

Euskara eta kirola

Martxoarekin batera, euskal etxeak komunitateari eskaintzen dizkion ikastaroak ere hasiko dira Euzko Etxea-ren egoitzan, tartean euskara eta saskibaloi klaseak. Euskarari dagokionez, iazko ikasleak taldekatuko dira, kurtso berriak irekiz. Euskal Herritik etorri berria den Maite Bilbao izango da eskolak emateko arduraduna. Klaseak doakoak izango dira eta izena emateko 43-5881 telefono zenbakira deitu edo centrovasconecochea@yahoo.com.ar helbidera idatzi behar da.

Saskibaloiaren kasuan, astelehenetan izango dira klaseak, arratsaldeko 5:30etatik aurrera. Kategoria guztiek izango dute entrenatzeko aukera, esan nahi baita ‘mini’ eta ‘premini’ delakoek, 13 eta 15 urtez azpikoek, gazteen kategoriak eta lehen mailakoak. Informazio gehiago eskuratzeko, jar zaitez kontaktuan Martin Lopez irakaslearekin 15482641 telefonoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia