euskal diaspora eta kultura
2013/04/24
PUBLIZITATEA
Necochea, Argentina. Batzuek esaten dute ‘dantzari ohia’ren kontzeptua ez dela egokia, "dantzari dena betirako baita dantzari". Hale ere egia da adinagatik, denbora faltagatik edota beste edozein arrazoirengatik, jendea urrundu egiten dela batzuetan dantzetatik. Jende hori berriro elkartzeko asmoz antolatu zuen Necocheako Euzko Etxeak bere Dantzari Ohien Topaketa. Jaia apirilaren 13an egin zen eta 40. hamarkadako, 50, 60, 70, 80 eta 90eko belaunaldietako instituzioko dantza taldeetako kideak bildu zituen.
[Dantzariek berek ekarri zuten beste garai bateko arropa erakusketa sortzeko. Argazkietan, ordea, dantzak, dantzariak eta erromeriak ez ezik, hirian dagoeneko esistitzen ez duten eraikuntzak ere ikusi ahal izan ziren (argazkiakEE)]
Momentu hunkigarriak bizi izan zituzten festako protagonistek gauean zehar. Hasteko, Necocheako dantzariek jantzi ohi zituzten arropak –gaur egun jadanik erabiltzen ez direnak- ikusi ahal izan zituzten aretoan muntatuta zegoen erakusketan. Jantzien artean, ‘Kaskarotak’ dantzatzeko gonak, txaketa eta txamarra zaharrak eta baserritarren atorrrak jarri ziren ikusgai.
[Necocheako Euzko Etxea-ko 40ko belaunaldiko dantzariak (argazkiaEE)]
[Necocheako Euzko Etxea-ko 50ko belaunaldiko dantzariak (argazkiaEE)]
Arropaz aparte, beste erakusketa bat eskaini zieten antolatzaileek gonbidatuei. Argazkietan garai askotako taldeak eta euren historia islatzen ziren. Eta momentu ederrak gogora ekartzeko beste era bat ere proposatu zen Topaketan. Erantzun-galdera moduko jolas baten bidez bertan zeudenen arteko lotura areagotu egin zen. Gaueko momentu berezienetako bat oroigarriak banatu zirenean iritsi zen. Belaunaldi guztietako taldeetako ordezkariek ‘Dantzari Eguna Necochea’ esaldia brodatuta zeukan zapi bana jaso zuten.
[Necocheako Euzko Etxea-ko 70ko belaunaldiko dantzariak (argazkiaEE)]
[Necocheako Euzko Etxea-ko 80-90ko belaunaldiko dantzariak (argazkiaEE)]
Eta dantza egiteko aukera ere izan zuten Necocheako Euzko Etxea-ko dantzariek. Afaldu eta gero norberak bere eserlekua utzi zuen lagunekin dantzan biltzeko. ‘Fandangoa’, ‘Ezpata Dantza’ eta ‘Zuberoako Maskara’ izan ziren denen artean egin zituzten dantzetako batzuk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus