Azken urteetan egin den legez, Argentinako Euskal Aste Nazionalaren baitan erabakiko da datorren urteko euskara ikasturtea bultzatzeko erabiliko den kartel edo afixa. Jaiaren antolatzaileek kleratu dituzte dagoeneko Lehiaketan parte hartzeko oinarriak. Lanak bidaltzeko epea urriaren 27an bukatuko da eta saria, diploma, zabalkundea herriald osoan zehar eta kartela Argentina osoko euskara klaseen irudia izango dela jakitearen poza.
Necochea, Argentina. Hilabete t'erdi baino ez da geratzen Euskal Aste Nazionalerako eta Argentinako euskal diasporako kideen begiak azaroaren bigarren asteburura daude jarrita. Gogora dezagun Necocheako Euskal Aste Nazionala azaroaren 7an, astelehenez, hasiko dela baina ekintza nagusiak, hilaren 11, 12 eta 13an --asteburuarekin batera-- izango direla.
Hamaika aktibitate egingo dira jaian zehar eta beste hamaika jaiaren inguruan, tartean, ‘Euskararen Kartel Lehiaketa’. Proposamenaren helburua da datorren urteko euskara klaseak sustatzeko kartela bat aukeratzea. Hautatutako diseinua 2017 ikasturteko Argentina osoko euskara eskolak iragartzeko erabiliko da. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak hauexek dira:
-Parte hartzaileak: deialdia Argentinako euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleei dago zuzenduta; banaka edo taldeka har dezakete parte, kartel bat edo gehiago aurkeztuz
-Gaia: 2017ko euskal etxeen euskara klaseen zabalkundea
-Kartelaren ezaugarriak: diseinuak 0,35x0,50m tamainakoa izan behar du, kartoizko euskarrian, pintura edota errotuladorez egindakoa. Inpresoak ere onartuko dira baina arkatzez egindakoak ez. Afixeek gehienez lau kolore izan ahal dituzte
-Aurkezpen baldintzak: kartelaren behealdean egilearen izengoitia jarri beharko da, eta gutunazal itxi batean bere benetako datuak: Izen-abizenak, DNI zenbakia, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, herria eta euskal etxearen izena, euskal etxeko euskara erreferentearen izena, eta ikasle edo irakaslea den. Ikaslea baldin bada, irakaslearen izena aipatu beharko du parte hartzaileak
-Lanak bidaltzeko epea: lehiaketan parte hartzeko lanak bidaltzeko epea urriaren 27an bukatuko da. Hauxe da lanak posta arruntez bidaltzeko helbidea: Centro Vasco Argentino "Euzko Etxea" C/ 58 esq. 65 (7630) Necochea. Euskal Etxetik eskatzen dute lana bidaltzean helbide honetara abisatzea emailez: centrovasconecochea@yahoo.com.ar
-Sariak: sarituak diploma jasoko du. Horretaz aparte, bere lan horren zabalkundea eta 2017ko euskara klaseak sustatzeko material guztietan agertuko dela jakitearen poza. Sari banaketa, Necocheako Euskal Astearen azken bazkarian egingo da, azaroaren 13ko eguerdian
-Epaimahaikideak: Euskal etxeak aukeratutako adituek osatuko dute epaimahaia. Behar izanez gero, antolatzaileek egin ahal izango dizkiote aldaketak diseinuari. Lehiaketan parte hartzeko, baldintza hauek onartu behar dira.