Necochea, Argentina. Hotza, ekaitzak eta haizea dira protagonista azken asteotan Euskal Herrian… baina eguzkia ere azaldu da tarteka... eta gaurko aurreikuspena ez dator txarra... Hego Hemisferioan, berriz, uda sasoia da, opor garai petoa eta, beraz, gizarteak eta honekin batera euskal etxe gehienek ateak itxi eta atseden aste batzuk hartzeko tenorea. Ez guztietan, ordea, Necocheakoan, adibidez --hiria garrantzizko leku turistikoa da Argentinan-- lanean jarraituko dute, oraingoan udatiarrei begira.
Urtero legez sasoi honetan, bi ekitaldi polit egingo ditu urtarrileko bigarren hamabostaldian Necocheako Euzko Etxeak. 16tik (osteguna) 19ra (igandera), hiriko Gizatalde Atzerritarren Azokan hartuko du parte, dantza eta euskal sukaldaritza tarteko. Lekua girotzeko, EEko Otxoteak ere abestuko du eta Donostiako jaiarekin bat egiteko, Danborrada joko dute Euzko Etxeko danborjotzaileek. Azoka Miguel Lillo Parkean izango da.
Azoka bukatuta, San Sebastian programaren txanda etorriko da. Egitaraua, hauxe:
-Urtarrilaren 20an, astelehena, iluntzeko 8etan, Meza Villa Diaz Velez-ko Nuestra Señora de Lourdes Parrokian. Ondoren, txikiteoa Euskal Etxean
-Urtarrilaren 23an, osteguna, Triki-Poteoa hiri erdigunean
-Urtarrilaren 24an, ostirala, Pintxo Eguna Konstituzio Plazaren itxura hartuko duen Euskal Etxeko areto nagusian
-Urtarrilaren 25ean, larunbata, erromeria, Etxeko alkatearen hautaketa, Danborrada eta euskal dantzak.
Euskal Etxetik adierazi zaio EuskalKultura.eus-i balitekeela euskal pilota erakustaldi bat ere programaratzea, xehetasunak adierazteke.
-Informazioa eguneratzen joango dira Facebooken, Centro Vasco Necochea kontuan.