euskal diaspora eta kultura
2011/01/27
PUBLIZITATEA
Necochea, Argentina. San Sebastian jaiak urtetik urtera jarraitzaile gero eta gehiago ditu Argentinan, eta, hein handi batean, Necocheako Euskal Etxeak antolatzen duen jaialdia da arrazoia. Gero eta gehiago dira urtarrilero Necocheara etortzen diren euskal argentinarrak, euskal etxearen danborrada jaian parte hartzeko irrikitan.
Aurten jaia, esan bezala, urtarrilaren 14ean hasi zen, erromeria batekin eta gastronomia dastaketa batekin. Ondoren dantza erakustaldia eskaini zuen elkarteko Gazte Alai taldeak, beste euskal etxeetako lagunekin batera: Tandil eta Chascomuseko dantza taldeak. Erromeriara bildu ziren ere Laprida, Rosario, Villa Maria, Mar del Plata, Buenos Airesko Accion Vasca eta La Platako ordezkariak ere.
Danborrada eta paella erraldoia
Larunbatean, urtarrilaren 15ean, arratsaldez hasi zen jaia, euskal etxearen aurrean dagoen zumardian egin zen herri kirol erakustaldiarekin. Gauean ekitaldi nagusiaren ordua heldu zen: afari herrikoia eta euskal etxeko danborradaren desfilea. Danborradak zenbait entsegu egin ditu azken asteetan eta erakustaldi bikaina eskaini zuen. Gainera, danborrariek beste bazkide eta bisitariei ere danborra jotzeko parada eskaini zieten.
Era berean, elkarteak euskal etxeko alkate izandakoei omenaldia egin zien, txapela oparituz. Zendutako alkateen senitartekoek jaso zituzten haiendako txapelak eta emozio handiko uneak bizi izan ziren. Jaia bukatzeko dantzaldia egin zen eta goizaldeko ordu txikitaraino aritu ziren dantzan necocheatarrak eta lagunak.
[Sukaldari eta bisitariak afariko plater nagusia izan zen paella erraldoia erakusten (argazkia Ester Arrondo)]
[Etorkizuna ziurtatuta: gazteak adi-adi danborrada entzuten, euren urtea noiz helduko zain (argazkia Ester Arrondo)]
Lapridako eta beste euskal etxeetako lagunak
Lapridako Euskal Etxetik ere jaiaren berri ematen digute, bizi izandako une ederrak eskertuz. Lapridatik Adrian Arostegui, Marita Duhau eta Maria Ester Arrondo, "Eusko Txokoa" liburutegiko arduraduna, izan ziren ostiraletik Necochean. Larunbatean lapridatar gehiago heldu ziren: Eduardo Martin, Sonia Villavicencio, Alejandro Eyherabide eta Graciela Saizar.
Jaira bildu ziren ere, La Platatik, Griselda Arrondo, eta Buenos Airesetik, Iparraldeko Euskal Etxeko eta Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentruko Carlos Arturo Martinez.
[Giro bikaina larunbateko afarian. Argazkian, Lapridako ordezkaritza: Carlos Martinez, Alejandro Eyherabide, Graciela Saizar, Sonia Villavicencio, Eduardo Martin, Maria Ester Arrondo eta Griselda Arrondo (argazkia Ester Arrondo)]
[Gazte eta helduak jaiaz gozatzeko prest (argazkia Ester Arrondo)]
[Eduardo Martín, beste partehartzaile bat eta Alejandro Eyherabide, Lapridako Euskal Etxetik etorriak (argazkia Ester Arrondo)]
Danborrada txikia
Asteburuko jaialdiaz gain, Necocheako Euskal Etxeak egunean bertan ere ospatu zuen San Sebastian, eta, horrela, urtarrilaren 20ean meza egin zuten Karmengo Amaren parrokian. Ondoren Danborrada Txikiak jo zuen Euskal Etxean.
Necocheako Euzko Etxea aurtengo, 2011ko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko euskal etxe antolatzailea izango da, azaroko lehenenego asteburuan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus