euskal diaspora eta kultura
2011/02/01
PUBLIZITATEA
Necochea, Argentina. Joan den urtarrilaren 21ean hil zen Necochean Ruben Zubillaga Alza, euskal etxeko alkatea zena, eta, handik egun batzuetara, 25ean, bere anaia, Hugo N. Zubillaga, elkarteko epailea eta urte askotan Zuzendaritza Batzordeko kide izandakoa. Biak ala biak elkarteko kide ezagun eta maitatuak ziren eta euren heriotzak samina ekarri du euskal etxera.
Heriotz hauek elkartearentzat oso aktiboa izan den hilebetean gertatu dira. Urtarrilaren 8an, adibidez, elkarteak Haurren Jaialdiko desfilean parte hartu zuen, Gargantuaren karrozarekin. Gargantuak arrakasta handia izan zuen eta ibilbidean zehar haur asko igo ziren bertara erraldoiaren "bazka" izateko gertu (erraldoiak txirrista bat du barruan).
Euskal elkarteak San Sebastian eguneko jai handia ere ospatu zuen (asteburuan, urtarrilaren 15ean) eta urtero legez, Necocheako eta inguruko euskal etxeetako lagun asko bildu ziren bertara. Arantxa Zubillaga bazkideak, danborradak euskal etxearen egoitzan jo zuen San Sebastian Martxaren bideo hau bidali digu (necocheatarrekin batera La Plata eta Bahia Blanca-ko lau lagun ere aritu ziren jotzen).
Azkenik, joan den urtarrilaren 22an, elkarteak Necochea eta Quequen-eko Gizataldeen 9. Azokan parte hartu zuen. Euskaldunek standa jarri zuten eta bertan txistorra, azpizuna eta pintxoak eskaini zituzten. Horrez gain, elkarteko dantzariek erakustaldia egin zuten, euskal etxeko musikarien trikitixa eta panderoaren soinua lagun zutela. Azokak urtero milaka necocheatar eta turista biltzen ditu, eta euskal kultura ezagutzera emateko baliatzen du euskal etxeak.
[Euskal jaki tipikoak prestatzen standerako Necochea eta Quenquen-eko Gizataldeen Azokan (argazkia NecocheaEE)]
[Euskal standeko jatetxeak arrakasta handia izan zuen (argazkia NecocheaEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus