euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Euskal Etxeak astebeteko San Sebastian jaiei ekingo die gaur, bere danborrada, gargantua eta guzti

2009/01/19

Gargantua erraldoia hau izango da, danborradarekin batera, Necocheako San Sebastian jaietako izarra (argazkia NecocheaEE)
Gargantua erraldoia hau izango da, danborradarekin batera, Necocheako San Sebastian jaietako izarra (argazkia NecocheaEE)

PUBLIZITATEA

Necocheako Euskal Etxearen San Sebastian jaiak gero eta jende gehiago erakartzen du Argentinako hiri honetara, izan ere, elkarteak antolatzen duen egitaraua urtetik urtera zabalagoa da. Necocheako euskaldunen danborrada jendetsuari Gargantua bat ere biltzen du eta jaiak gainera ia astebeteko iraupena izango du. Proposamenen artean euskarazko zine emanaldi bat --'Kutxidazu Bidea, Ixabel', jendeak hala eskatuta--, paella erraldoia eta joan den uztailean Euskal Herrira bidaia egin zuten Gazte Alai dantza taldeko gazteen solasaldia, besteak beste, ahaztu gabe asteburuan egingo den ohiko danborrada handia. Kultura, jaia eta gozatzeko gogo bizia, euskal ohituren ildotik, Argentinan, udan, Euskal Herria bertakotuz.

Necochea, Argentina. Necocheako Euskal Etxeko kideak irrikitan daude gaurko gaua noiz helduko den zain, San Sebastian jaiak abian jarri ahal izateko. Urtero legez elkarteak egitarau oparoa prestatu du eta asko izango dira jaiaz gozatzeko bertara bilduko diren kide eta lagunak. Elkarteak urtero Necocheako kaleetara ateratzen duen danborrada oso ezaguna da eta aurten gainera datorren larunbatera bitartean luzatuko diren jarduera ugari prestatu ditu.

Jaia gaur arratsaldean hasiko da, zortzietan, Gazte Alai dantza taldeko gazteek eskainiko duten "Nuestro viaje a Euskal Herria" mintzaldiarekin. Bertan dantzariek aurtengo uztailean Euskal Herrira eginiko biraren esperientzia azalduko dute. Elkarteko kultura aretoan izango da. Ondoren, gaueko bederatzietan jaiari hasiera emateko ordua helduko da, txupinazoarekin. Ordutegi aldea dela eta --hiru ordu-- une hau Donostia eta Azpeitiko gauerdia izango da eta Necocheako euskaldunek Euskal Herriko sansebastianetako hasierarekin zuzenean bat egin ahal izango dute telebista bidez. 

Gargantua kalejiran

Bihar asteartea, San Sebastian egunean, meza elizkizuna egingo da 21:00etan Nuestra Señora de Lourdes parrokian eta ondoren kalejiran aterako dira elkarteko dantzariak eta buruhandiak herriko kaleetatik. Eurekin batera Gargantua erraldoia aterako da, ume txikiak 'jateko' prest.  Eguna bukatzeko txikiteo bat egingo da euskal etxean.

Tamborrada 2007 (01)

[Makina bat jendek lan egin behar du beste batzuek jaia egin ahal izan dezaten. Langile fin horietako talde bat (argazkia NecocheaEE)]

Asteazkenean Miguel Merlo, Raul Yunes, Javier Zubillaga eta Joseba Bilbao pilotariek erakustaldia eskainiko dute, 20:30tan. Ostegunean, mus txapelketa egingo da, 19:30tan, eta ondoren "Kutsidazu bidea, Ixabel" filma izango da ikusgai, euskaraz eta gaztelerazko azpitituluekin.

Paella erraldoia eta danborrada

Ostiralean, 22:00tan, erromeria egingo da euskal etxean eta bertan Necocheako dantzariek eta inguruko euskal etxeetako dantza taldeek erakustaldia eskainiko dute. Afaltzeko bertaratzen diren lagunek euskal jaki tipikoak dastatu ahal izango dituzte: txistorra, pintxoak, ogitartekoak, txorizoa eta abar. Sarrera doan da.

Tamborrada 2007 (02)
[Euskal Etxeko gazteek prestatu zuten paella erraldoiak arrakasta itzela izan ohi du Necocheako Danborradako jaian (argazkia NecocheaEE)]

 
Azkeneko egunean, larunbatean, herri kirol erakustaldia izango da ikusgai goizean eta gauean, 22:00tan, aurreko urteetan bezala paella erraldoiaz afaria egingo da. Afalostean jaietako une hunkigarrienetakoa helduko da, herriko kaleetara aterako den euskal etxeko danborrada jendetsuarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia