Necochea, Argentina. Azaroaren 7tik 13ra izango da aurten Euskal Aste Nazionala, Necocheako Euzko Etxea antolatzaile. Aste horretan zehar, euskal kulturan murgiltzeko hainbat aukera izango dituzte Necocheara bertaratzen diren lagunek; proposamen nagusiak, ordea, asteburuan izango dira, tartean, Euskal Herritik etorritako Kalakan eta Emon taldeen emanaldiak, dantzaldiak, bilerak eta erromeriak.
Azpimarratzeko berritasunen artean, mintza praktika egiteko ‘Mintzodromo’ bat, Argentinako eta Euskal Herriko euskaldunak partaide. Antolatzaileek azaltzen dutenez, “dinamika bi zatitan banatuko da, argentinarra bat eta Euskal Herrikoa bestea. Argentinakoan, zenbait gune bereizi ditugu: lehenengoan, mahai batzuk jarriko ditugu, jendea eseri eta gai desberdinen infuruan eta taldeka hitz egin dezan, eztabaidatzen eta ideiak elkarbanatzen. Txandaka izango da, 15-20 minutu inguruko tarteetan, talde guztiak nahas daitezen eta ikuspuntu guztiak entzuteko. Beste eremu batean, ordenagailuak ipiniko dira, Skypez hitz egiteko Euskal Herriko ‘Mintzodromo'ra bilduko den jendearekin. Azken gunea, informalagoa izango da, kafe edo mate batzuk hartzen baina, bistan da, euskaraz!. Azkenik, oraindik euskaraz askatzen ez den baina interesa duen jendearentzat ere txoko bat ipiniko da".
‘Mintzodromoa’ larunbatean egingo da, bazkaldu eta gero, Argentinako 14:00etan (Europan bost ordu lehenago), Euskal Herriko jendearekin konexioa egin ahal izateko. Euskal Herriko partaideak Donostiko Araeta jatetxean bilduko dira (zein izango den aste honetan zehaztuko da) eta egunpasa egingo dute bertan. Ekimen honetako laguntzaile izan dira Mintzanet, HABE eta Bagera, Euskal Herrian, eta, Argentinan, FEVA eta Necocheako Euzko Etxea. Euskaldun guztiak orokorrean eta bereziki euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleak gonbidatuta daude ekimenean parte hartzera.
Bestetik, ekintzen berri ahal eta zabalen emateko eta jendea parte hartzera animatzeko, bideo txiki bat grabatzera gonbidatu dute Euskal Aste Nazionaleko antolatzaileek. Hauek dira bideoa egiteko gogoan hartu beharrekoak: Grabazioaren hasieran, tarte bat (2-3 segundo) uztea, ezer esan gabe; bideoaren leloa “Bi ordu euskaraz gutxienez” (Euskal Astean) izango da. Beraz, etengabe “2” zenbakiak azaldu behar du. Horretarako, bideoan agertzen direnek “bi” esaten azaldu beharkodute, eskuan bi objekturekin (adibidez, bi sagar, bi edalontzi…). Ideia horrekin, ‘Mintzodromo'ak bi ordu iraungo dituela adierazi nahi da. Euskal etxeetan edo herrietako leku esanguratsuren batean grabatu daitezke, bideoak hatorhona@gmail.com bidaliz, urriaren 30era arte. (ikusi bideo ereduak, hemen eta hemen).
“Argentinan horrelako zerbait antolatzen den lehen aldia da, Euskal Astean Argentina eta Euskal Herria gisa honetan eta euskaraz lotuz", aitortzen dute Euzko Etxean. "Beraz, zeuri ere Euskal Herrian zauden horri ere gonbitea luzatzen dizugu. Anima zaitezte ‘Mintzodromoaren’ parte izatera!”, gonbidatzen dute Euzko Etxeako gazteek.
Hona Euskal Aste Nazionaleko programa gaur eguneratua:
Astelehena, azaroaren 7a
-19etan, 2016ko Euskal Aste Nazionalaren Inaugurazioa: Txupinazoa, banderen igotzea, eta Euskal Dantza taldearen 75. urteurreneko omenaldia. Txikiteoa eta pintxoak. Lekua: Euskal Etxea.
Asteartea, azaroaren 8a
-‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa. Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzko filma. Txikiteoa eta pintxoak. Lekua: Euskal Etxea.
-Asteazkena, azaroaren 9a
-19etan, 2016ko Euskal Astearen logo lehiaketaren erakusketa. Lekua: Euskal Etxea.
-22etan, Lagunen arteko afaria. Lekua: Euskal Etxea.
-Osteguna, azaroaren 10a
-20etan, Sagardo Eguna ‘Eneko Sagardotegian”. Sagardotegiko menua. Euskal Etxekoek bertan egindako sagardoaz. Lekua: Euskal Etxea. (sarrerak aldez aurretik erreserbatu behar dira)
-Ostirala, azaroaren 11a
-Euskal etxeetako ordezkaritzen harrera. Gosaria.
-Bazkaria. Lekua: Euskal Etxea.
-15etan, jolasak hondartzan.
-18etan, Gure Esku Dago dinamikari buruzko hitzaldia, Angel Oiarbide hizlari; Hator Hona programari buruzko hitzaldia, Necocheako Zahar Alai Taldeko gazteak aurkezle.
-20etan, Euskal Herriko Kalakan taldearen emanaldia. Saioa Necocheako Osasuna Otxoteak zabalduko du. Lekua: Paris Antzokia.
-22etan, Erromeria Euskal Herriko Emon taldearekin. Lekua: Euskal Etxea.
-Larunbata, azaroaren 12a
-Euskal etxeetako ordezkaritzen harrera. Gosaria.
-10etan, Bilerak: FEVA, Liburuzainak eta Dantza Taldeen zuzendariak.
-Bazkaria. Lekua: Euskal Etxea.
-14etan, Mintzodromoa, euskaraz mintzatzeko gunea.
-17:30etan, Danborrada eta Kalejira Paris Antzokirako bidean, euskal etxe askotako dantzariak, danbor joleak, eta erraldoiak eta buruhandiak lagun.
-19etan, Dantza Emanaldia. Lekua: Paris Antzokia.
-22etan, Erromeria Euskal Herriko Emon taldearekin. Lekua, Euskal Etxea.
-Igandea, azaroaren 13a
-11etan, Meza Santa Maria del Carmen Parrokian, 61. Kalean, 58 eta 60 kaleen artean.
-12etan, Lore eskaintza Gernikako Arbolaren aurrean Dardo Rocha Plazan.
-12:15etan, Plazako dantzak, ‘chacarera’ dantza argentinarra eta danborrada. Lekua: Dardo Rocha Plaza.
-14etan, Azken bazkaria. Lekua: Euskal Etxea.
-18etan, Azken agurra ordezkaritzei.
Ekintzen programa barnean, abenduaren 3 eta 4an Nazioarteko Pilota Txapelketa egingo da Euskal Etxean, Munduko Pilota Batzarrak antolaturik.
Informazio berria sorten joan ahala, Euzko Etxearen Facebook kontuan eguneratzen joango da.