Danborrari finak dira necocheatarrak, eta ondo jotzeaz gain, festa benetan bizi dute gainera! (argazkia Necochea EE)
Danborrada benetako grinaz eta ilusioz bizi dute Necochean, eta halakoa da euren ilusioa, festari aste oso jai-egitaraua eskaini diotela aurten ere. Euskal Herritik milaka kilometrotara, Donostia txiki bat sortu dute necocheatarrek Argentinan egunotan: danborradak hiriko kaleetan barrena, pintxo-eguna Donostiko Alde Zaharreko tabernatan, banderaren igoera Konstituzio plazan... Eta gainera, eguraldi ederrarekin, Argentinan udan daude eta! Ikus jarraian festaren argazki kronika.
Necochea, Argentina. San Sebastian asteko ekitaldiak urtarrilaren 20an hasi ziren Necochean, Donostian eta Azpeitian bezalaxe. Argentinako txoko honetan baina, jaiak Euskal Herrian baino luzeago iraun zuen, eta aste osoan zehar ekitaldi jendetsuak egin ziren, festa benetako grinaz bizi duten necocheatarren parte hartzen handiarekin.
Besteak beste, Pintxo-Eguna, erromeria, mutxiko lantegia Patxi Perez dantzariarekin eta festa nagusia, larunbatean, inguruetako euskal etxeetatik ere etorri ziren lagunekin: guztira 300 danborradazale, Necocheako Konstituzio plazan festaz gozatzeko prest. Irudian, Danborradako kideek argazkia, eta goran, Necocheako Konstituzio plazako balkoian, Luis Domiguez alkatea.
Zaila da bertan izan zen giroa hitzez azaltzea, baina euskal etxeak sarean argitaratu dituen argazkitan ikus daiteke festak Necochean duen indarra, eta hango euskaldunek nola bizi duten. Jarraian, irudi horietako batzuk, eta egun bakoitzean egin ziren jardueren azalpenak: