Necochea, Argentina. Bai, hemen da dagoeneko, ezin hurbilago. Necocheako Euskal Aste Nazionala hasteko hamar egun besterik falta ez direnean, bilerak bata bestearen atzetik datoz. Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillagak EuskalKultura.eus-i aitortzen dioenez, "bilkura iraun" moduko batean daude, azken ikutuak ematen eta hondarreko xehetasunei ekiten, Diasporak Argentinan ospatuko duen hitzordu eta jai nagusia benetan itzela izan dadin.
Aurtengo mintzodromorik handiena
Zer den mintzodromo bat? Topo egiteko aukera bat, mintzatzeko, solasteko eta jolaserako gunea, komunikazio eta elkarretaratze hori euskara medio izan dadin proposatzen duen abagunea. Hau Argentina da eta euskaraz egiteko aukerak askotan ez dira hain maiz ematen. Horregatik aukera da euskara menperatu samarra daukatenentzatz, baina baita ere, batez ere, ikasten ari direnentzat, hasi berriak direnentzat eta baita, lehenengo aldiz, euskarak zer nolako soinua duen entzutera hurbildu nahi dutenentzat ere, eta zergatik ez, esaldiren bat ikastera animatu nahi dutenentzat. “Hemengoa euskal jai bat denez, gure asmo orokorra euskarak presentzia edukitzea da, eta bereziki ikasten ari direnentzat, edo ikasi nahiko luketenentzat giro egokia eskaintzea hurbiltzeko, euskaraz jolasteko. Euskal Astean hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko aukera izango dugu", adierazi digu Necocheako euskara irakasle Maite Bilbaok.
Gaur egun 650 heldu inguruk ikasten dute euskara Argentinako 30 euskal etxetan. Necochean, bertako Euzko Etxeak antolatua, eta FEVA lankide dela, Mintzodromoa azaroaren 11n, larunbatean, egingo dute, 15:30etatik 17etara, Euskal Etxearen egoitzan. Euskaradun guztiak daude gonbidatuta, eta baita ere euren euskararen ezagutza maila edozein izanda ere, euskararekin bat egin nahi dutenak, dakitena, edo urrats berriak emateko borondatea, bertaratuko direnekin partekatu nahi dutenak.
Hiria zain eta ehunka bisitari
Necocheara Argentina osoko euskal etxeetako kideak iritsiko dira, baita Txile, Brasil, Uruguai, Kanada, Estatu Batuetako eta Euskal Herriko hainbat ordezkari ere.
Europako ordezkaritza instituzionalari dagokionez hain zuzen, antolatzaileek jakinarazi dute bertan izango direla: Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu. Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Zabaltzeko zuzendari Monika Medinabeitiak ere baieztatu du bere partaidetza, baita Euskara Munduan Programako arduradun Jose Francisco Kinku Zinkunegik eta EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek ere.
“Espektatiba handiak ditugu. Euskal Aste Nazionalak Necocheako hiri osoa mugiarazten du, eta gure etxeak guztiz zabaltzen dizkio ateak komunitateari, jaia denontzat izan dadin”, adierazi dio gure buletinari Necocheako Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillagak, jakinaraziz aldi berean Necochea Hiriko Kontzeju Deliberatzaileak udal mailako interesekoa aitortu duela Euskal Aste Nazionala 2023. Hamar egun baino ez.