Necochea, Argentina. Hator Hona programa bere 13. edizioa iritsiko da aurten eta ohi bezala Euzko Etxeko dantzari gazteek gogotsu eta ilusio handiz egin diete deia Euskal Herriko bere pareei ‘Hator Hona’n parte har dezaten, honako baldintzekin:
-18 eta 30 urte artekoa behar da izan
-euskara, euskal musika, dantza, gastronomia edo herri kirolen ezagutza izatea (hauen arten, zenbat eta gehien hobe)
-ez da titulurik eskatzen, irakasteko eta euskal kultura partekatzeko gogo eta ilusioa baizik
-Necochearainoko bidaia norberak ordaindu beharko du; ostatua eta janaria euskal etxearen kontu izango dira
Gakoa, ordea, adierazten dute antolatzaileek, euskal kultura ezagutu eta maitatzea da eta bi horiek "Diasporako lagunekin konpartitzeko prest egotea". "Horrekin urratsa ematen dugu eta bermatzen dugu gure euskal ohitura eta tradizioak gure artean bizirik segitzea, hango gazteek hemengoekin eginiko ekimen partekatua medio".
‘Hator Hona’ 2017 programa uztailaren 14an hasi da eta hiru astez luzatuko da. Izena emateko epea apirilaren 30eraino da eta izena emateko formularioa hemen eskura daiteke. Jasotako eskarien artean hautatu eta emaitzak proiektuaren blogean eta Facebook kontuan argitaratuko dituzte maiatzaren bukaeran.
Euzko Etxearen 72. urteurrena
Asteburu honetan, Aste Santuko asteburuan hain zuzen, bere urtebetetzea ospatuko du euskal etxe necocheatarrak, Korrika eta Aberri Eguna ere ospakizunen parte. Ekitaldiak larunbat goizean hasi eta iganderaino luzatuko dira:
Apirilaren 15ean, larunbata:
-10:45etan, Korrika. Lekua: Pinolandia eta 10. etorbidea.
-13etan, bazkaria, piknik moduan, Miguel Lillo Parkean.
-22etan, Euzko Etxearen 72. urteurreneko eta Aberri Eguneko afaria
Apirilaren 16an, igandea:
-11etan, Meza Santa Maria del Carmen Elizan
-12etan, Omenaldia eta lore eskaintza Gernikako Arbolaren kimuaren oinarrian
-12:30etan, txikiteoa Euskal Etxean
Apiril honetarako beste bi berri dituzte necocheatarrek euskal komunitatearekin partekatzeko. Euskal Etxean bertan funtzionatzen duen Eneko Sagardotegiak sagardoa egiteko prozesua hasia du dagoeneko. Egileen asmoa da apirilean fabrikazio prozesua bukatzea uztailean ‘gozatzen’ hasi ahal izateko. Bestalde, Euzko Etxeko lagunek jakinarazi dute euskara klaseak abiatu direla 2017 ikasturte berrian: asteartero dira, arratsaldeko 6etatik 7:30etara, Maite Bilbao irakasle.