euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necochea-ko 'Osasuna' otxote argentinarra bihar kantari Chivilcoyko Euskal Etxearen afari-showean

2009/09/18

Necocheako Otxote Osasuna-ko kideak bertako Euzko Etxea-ren aurrean joan den abuztuan eginiko argazkian
Necocheako Otxote Osasuna-ko kideak bertako Euzko Etxea-ren aurrean joan den abuztuan eginiko argazkian

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Necochea herriko 'Osasuna' otxotea bihar larunbata arituko da kantari Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera' Euskal Etxeak antolatu duen afari-show-ean. Ekitaldia euskal etxe honen egoitzako areto nagusian gauzatuko da, urtean zehar daraman egitarau aberatseko parte, eta ehundaka pertsonen partaidetza espero da, afariaz gozatzearekin batera otxoteak eskaintzen duen errepertorioko kantuak entzun eta kantatzeko. Osasuna otxotea 1990eko hamarkada hasieran jaio zen Necocheako Euzko Etxea-ko Txoko Txikiren gerizpean, festa giroan sartu eta bazterrak gisa herrikoian alaitzeko.

Chivilcoy, Argentina. Osasuna otxoteko kideek euren kantu, umore on, eta alaitasunez edertuko duten afaria bihar larunbaterako deitu du Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak, 21:30etatik aurrera, bere egoitzako ospakizun areto handian.

Otxotea kantuz aritzeko talde mota herrikoi bat da, Euskal Herrian --gehienbat Mendebaldean-- XX. mendearen bigarren herenetik aurrera gogoz sortu eta kantu herrikoiak, taberna giroan, euskaraz zein erdaraz --seguruenik gehiago gaztelaniaz euskaraz baino--  kantatuz hedatu izan dena. Loturak dauzka bilbainada izena hartu zuten kantuekin: alegia, Bilbo inguruak bere-bereak dauzkan bilbainadekin, Bilboko parajearen, ohituren eta jendearen paregabetasunak kantatzen dituen gaztelaniazko kantu mota honekin.

Osasuna otxotearen kasuan, 1990 hamarkada hasieran jaio zen Necocheako Euzko Etxea-ko Txoko Txikiren babesean, bertako lagunak, basoerdiak hartuz berez kantuz hasi eta horren ohitura jarraiagoa hartzen hasi zirenean. Ofizialki 1991eko bertako San Ignazioko Euskal Festetan eman zuten euren lehenengo emanaldia eta geroztik han-hemenka ibili dira bateko eta besteko euskal festetan euren umore ona zabaltzen. CD bat ere grabatu zuten, otxoteen errepertorioko kanturik ezagunenak bilduz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia