euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necochea: alaitasun handia San Sebastian danborradan, azaroaren 6-12an egingo den 2023ko Euskal Aste Nazionalaren iragarle

2023/02/06

Ezker eskuin, Necocheako Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillaga, alkate ohia Leoncio “Vasco” Iriberri eta Felipe “Gogui” Muguerza, alkate berria San Sebastian jaian
Ezker eskuin, Necocheako Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillaga, alkate ohia Leoncio “Vasco” Iriberri eta Felipe “Gogui” Muguerza, alkate berria San Sebastian jaian

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Urtarrilero ohi duenez Necocheako Euzko Etxeak gogoz ospatu zuen San Sebastian. Aurtengoan, hiru eguneko egitarauarekin eta Argentinako euskal etxe ugaritako ordezkariak partaide. 19an, ostegunean, hasi zuen festa, kostaldeko herriko kaleetan euskal doinu herrikoien oihartzunak harat-honat banatuz trikipoteo baten harian. Asteburuko lehen erromeria ostiralean etorri zen eta etxeko dantza taldeak aurkezpena egin zuen. Larunbatean, alkate berria hautatzeko ordua iritsi zen, eta aspaldi espero zen danborrada.

Necocheako Alkatea aukeratzeko ohitura aspalditik dator. Ohorezko izendapen bat da, Euzko Etxearen aldeko atxikimendu eta lankidetza iraunkorragatik nabarmendu den elkarteko kide bati egin ohi zaiona. Larunbatean, txalo eta oihu artean, makila Leoncio “Vasco” Iriberri alkate ohiaren eskuetatik Felipe “Gogi” Muguerza, dantzari, pilotari, Euzko Etxeko lehendakari ohi eta 1997an FEVAko lehendakari zela Donostiako Urrezko Danborra jaso zuenaren eskuetara pasatu zen. Aginte-eskualdatzea amaituta, alkate berriak eman zion hasiera danborradari. Hainbat bazkide, dantzari, otxoteko kide, euskara ikasle, euskal etxeko agintari eta Eneko Sagardotegiko lagun jotzaile zirela, Esteban Dabadie danbor nagusi.

2023ko Euskal Aste Nazionala Necochean, azaroaren 6tik 12ra

Ospakizunaz gogotsu gozatzera bertaratu ziren besteak beste Macachín, Villa María, Rosario, Buenos Aires, Tandil, Mar del Plata, La Plata, Arrecifes, Bahía Blanca, Córdoba, Paraná eta Lomas de Zamorako euskal etxeetako lagunak. Azaroaren 6tik 12ra argentinar euskal komunitatearen aurtengo hitzordu nagusia izango den 2023ko Euskal Aste Nazionalaren iragarle eta aurrekari bilakatu ziren.

Necocheako Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillagak Euskalkultura.eus-i adierazi dio aurreratuta dauzkatela euskal elkarretaratze nagusi hori errezibitzeko azpiegitura eta prestakizunak. "Euskal Herriko artistekin harremanetan gaude, eta gure egoitza prestatu eta egokitzeko lanak aurrera doaz, programako ekitaldi guztietarako beharrezko den azpiegitura gerturatzen ari gara, espero dugun jende kopuruagatik Euskal Aste Nazionalak ezaugarri bereziak izango baititu”, esan digu Zubillagak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia