Montevideo, Uruguai. Ekainaren 29an FIVUko lehendakari Enrique Poittevin Gilmetek ‘Pichichi’ri buruzko hitzaldi bat eskaini zuen Montevideoko Casona de Punta Carretas gunean. Hitzaldiaren gaiak sortutako jakinminak bultzaturik, gure irakurleekin konpartitzeko eskatu diogu Uruguaiko euskal-uruguaitar gizataldearen ordezkariari eta egin egin du, gustura gainera. Hona Europako ez ezik, Hego Amerikako futbolariek ere irrikaz eurenganatu nahi duten sariaren eta saria inspiratu zuen bizkaitarraren istorioa. Hona hitzaldiaren laburpena.
Futbola britainiarren eskutik sartu zen Iberiar Penintsulara 19. mende amaieran, meategi, burdinola edota ontzioletan lan egiten zuten etorkinen eskutik. Deskantsatzeko edo euren jaioterria oroitzeko, bi talde sortzen zituzten euren aisialdietan eta lantegi ondoko lur eremuetan aritzen ziren. Partida hauek ikustean, bertako langileei ere gustatu zitzaien eta hauek ere ekin zioten, hasieran zale gisa eta gero talde eta klub ofizialak ere sortuz. 1870. urteari buruz ari gara edo agian apur bat lehenxeagoz.
1892an, 'Lamiako' auzoan, Bizkaiko Leioan, langileak ikus zitezkeen futbolean, bertan bazegoen-eta lursail lau eta handi bat, aproposa partidak jokateko. Nerbioi Ibaiko Ontziolako enplegatuak, batzuk britaniarrak eta beste batzuk bizkaitarrak, bertan jokatu zuten lehenak izan ziren. Berez ‘proto futbola’ zen hura; hau da, arauak ez ziren gaurkoak eta taldeek 15 jokalari zituzten, baina gaur egungo futbolaren jatorria izan zela esan daiteke.
Rafael Moreno Aranzadi 'Pichichi' bihurtuta
Baina egungo gure futbolaren jatorria izateaz gain Bilboko Athletic Clubeko oinarriak ere bertan ezarri ziren. Eta zelai hartan Rafael Moreno Aranzadik bere lehenengo urratsak eman zituen futbolean. Ooso kirolari ona izan zen; izan ere, xabalina-jaurtiketan ere izan zen txapelduna, baina bere trebetasun handiena futbolean erakutsi zuen. Bera baino helduagoak ziren futbolariekin animatzen zen eta haien artean gailentzen zen, baxua, argala, baldarra eta iheskorra izanagatik. Ezaugarri hauengatik anaia nagusiak ‘Pichichi’ izengoitia jarri zion.
‘Pichichi’k Bilboko Athletic-en jokatu zuen eta urte askotan bertako goleatzaile nagusia ere izan zen. Are gehiago, San Mames futbol zelaiko inaugurazioko partidan lehenengo gola berak sartu zuen 1913ko abuztuaren 21ean. ‘Pichichi’k 29 urterekin utzi zuen jokalari gisa futbola, arbitro bihurtzeko, baina berehala hil zen, 1922an.
‘Pichichi’k aztarna sakona utzi zuen futbolean eta bera hil eta 30 urte geroago ‘Pichichi’ izeneko saria sortu zuten Espainiako Marca eta Arriba egunkariek futbol ligako lehen mailako goleatzaile nagusiari urtero emateko. Gaur egun eta ligatik kanpo, ‘Pichichi’ izena ‘goleatzaile’ hitzaren sinonimo bihurtu da.
Sariaren bitxikeriak
‘Pichichi’ sariari dagokionez, bitxikeria batzuk badaude: Sariaren historian ‘Pichichi’ gehien irabazi duena Athletic-eko Telmo Zarraonandía Montoya “Zarra” erandiotarra izan da. Azken hamarkadan, ordea, irabazle gehienak Espainiako klubetan jokalari ziren futbolari hegoamerikarrak izan dira: Diego Forlan eta Luis Suarez uruguaitarrak eta Barçako kamisetarekin, gaur egungo ‘Pichichi’duna, Lionel Messi argentinarra.
A! eta nor izan da 2018ko ‘Pichichi’? Mundu-Txapelketa bukatu berria den honetan, aurtengo ‘Pichichi’ Ingalaterrako Harry Kane izan dela esan daiteke, sei golekin Mundialeko goleatzaile nagusia izan baitzen”.
‘Pichichi’ sariaren irabazleen zerrenda, hemen.