E.I. / Zornotza, Bizkaia. 15 egunez Ibon eta Janireren ikasleak izango dira Cristopher Dobson, Alessandro Catani eta Eider de la Caridad Gonzalez Zornotzako Barnetegian. Eskozia, Italia eta Kubatik etorri dira Euskal Herrira, hasitako bidea jarraitzeko asmotan. Edinburgoko, Boloniako eta Habanako Unibertsitatean euskara eta euskal kulturako klaseetara joan ostean. Euskara ikasteko eta euskal kultura gertutik ezagutzeko aukera izango dute datozen egunetan. Ez dira bakarrak izango, uda osoan zehar nazioarteko 23 ikaslek egingo dute egonaldia Zornotzako Barnetegian Etxepare Euskal Institutuaren bekei esker.
Egunean sei orduz joaten dira klasera euskara ikasi eta hobetzeko; oinarrizko mailan daude hirurak. Baina, horrez gain, arratsaldean ekintza desberdinetan parte hartzeko aukera ere izaten dute, euskal kultura lehen eskutik bizitzeko. Aditz taulak albo batean utzi eta Euskal Herriko hainbat txokotara txangoak, sagardotegira irteera, txalaparta ikastaroa, euskal dantzak eta antzeko jarduerak egiteko aukera izaten dute. “Udalekuetan egongo bagina bezala sentitzen gara, nagusien udalekuetan”, dio Cristopherrek. Joan den ostegunean sagardotegian egon ziren, eta barre artean aitortu dute, hurrengo egunean kafe ugari behar izan zutela batzuk eskoletan, ondo pasa zutenaren seinale! Gainera, oinarrizko mailan atzerriko jendea batu denez, Euskal Herria ezagutzeko irteera gehiago ere egiten dituzte. “Gelditu gabe gabiltza, egunean ordu asko dira, baina, egia esan, oso dibertigarria da eta orduak konturatu orduko joaten zaizkigu” dio Alessandrok.
Alessandrok 22 urte ditu eta italiarra da, unibertsitatean euskara ikasteko aukera ikusi zuen eta Euskal Herriarekin inolako loturarik izan ez arren, egun batetik bestera euskara ikasten hastea erabaki zuen. “Hizkuntza arraroa eta berezia da, baina beti da interesgarria gauza berriak ikastea, eta are gehiago hain berezia eta arraroa bada”. Oso gustora dagoela aitortu du eta eguna leher eginda bukatu arren, hurrengo egunean ilusioz jaikitzen dela dio. “Pozik nago, izan ere, beti dago zerbait berria egiteko”. Bere esanetan, hizkuntza ez du guztiz menperatzen, baina gero eta gehiago ulertzen du. Gehien gustatzen zaion euskarazko hitza zein den galdetuta “bederatzi” erantzun du. “Oraindik hitz gutxi dakizkit baina zenbaki hau beti gustatu izan zait, arrunta da baina bere ebakera eta soinua asko gustatzen zaizkit”.
Eider Kubatik etorri da Zornotzara. Euskal Herrian familia du, baina hizkuntza berezia delako hasi zen Habanako Unibertsitatean euskara eta euskal kultura ikasten “Nire ikasketak ez daude hizkuntzekin lotuta, baina aukera nuenez, aprobetxatzea pentsatu nuen”. Ikasgai hauen helburua euskara eta euskal kultura mundu osoan ezagutaraztea dela uste du, eta bere alea jarri nahi izan du Eiderrek. “Hain ezaguna ez dena ikastea beti dago ondo, beste kultura, jendarte eta esparruetan mugitzea oso interesgarria da”. Unibertsitateko euskara irakurlearen bitartez Etxepare Euskal Institutuak eskeinitako bekaren berri izan zuen momentuan izen ematea erabaki zuen. Gustora dago erabakiarekin. Klase ordu asko dituzte, baina dibertigarria dela dio. Gainera, gauean ekintza ugari egiten dituzte eta guztietan parte hartzea gustatzen zaio. “Jendea oso jatorra da, baina karibeko jendearekin konparatuta, euskaldunak nahiko hotzak dira”, dio Eiderrek barre artean.
Eskoziako 22 urteko Cristopher Europako hizkuntzak atsegin dituelako hasi zen gaztelania ikasten eta urte batzuen ostean, irakasleak euskara ikastea gomendatu zion. Irakasle bera zuen euskara eta gaztelaniako eskoletan, baina berehala konturatu zen euskara “europako beste hizkuntzekiko oso desberdina” dela. Klase orduak dibertigarriak direla dio Cristopherrek, gainera, Gaztelugatxera egin berri duen txangoa asko gustatu zaio. “Gustoko dut Game of Thrones eta Gaztelugatxera joatea ikaragarria izan da, telesaileko paisaia ikusi ahal izan dugu eta”.
Ikasle bakoitzak bere istorio eta testuinguruaren arabera ulertzen ditu euskara eta gure kultura. Baina, mundu osotik datozen ikasleen begiradak ezberdinak izan arren, helburu bera dute: euskara ezagutu eta Euskal Herriaz gozatzea. Alessandro, Eider eta Cristopher gogotsu dabiltza horretan.