Plazaratu berriak dira 2003ko National Endowment for the Arts delako saria jasoko dutenen izenak, eta aitortza garrantzitsu hori jasoko duten estatubatuarretako lau euskaldunak dira: Jesus Arriada, Johnny Curutchet, Jesus Goñi eta Martin Goicoechea bertsolariak.
National Endowment for the Arts kultura erakunde estatubatuarrak bertako Jesus Arriada, Johnny Curutchet, Jesus Goñi eta Martin Goikoetxea bertsolariak saritu 2003ko edizioko National Heritage Fellowship saria emanez. Hamar dira aurten nazio osoan banatutako sariak, eta lau euskaldunon kasuan bertsolaritzaren alorrean egindako lanagatik, euskal-amerikar kultur ondareako parte den jardun eta arte hori gauzatu, sustatu eta biziarazteagatik eman zaizkie sariak, hala aitortu diete behintzat sarituei, euretako batek, Martin Goicoecheak EuskalKultura-ri adierazi dionez. Sariak 20.000 dolarreko erantsia dauka eta Estatu Batu mailan folk eta kultura herrikoiaren alorrean banatzen sari handiena da.
Erabakia duela egun batzuk jakinarazi zitzaien sarituei, baina publikoki, National Endowment for the Arts-en deliberoa ez da gaur arte plazaratu. Lau euskaldunekin batera, Estatu Batuetan bestelako folk bideak lantzen duen musikari eta artista multzo bat errekonozitu du sariak (ikus artikulu amaierako linketan).
Lau bertsolari sarituak Estatu Batuetako estatu diferentetran bizi dira, askotan ez hurbil elkarrengandik (Jesus Arriada eta Johnny Curutchet Kalifornian, Jesus Goñi Nevadan eta Martin Goicoechea Wyoming-en) eta horrek saioak elkarrekin egitea errazten ez badu ere, hala edo hola Estatu Batuetako hamar bat saiotan hartzen dute parte, gehienbat euskal piknik eta festetan eta Gardnervilleko Euskal Kantari Egunean.
Izen osoz National Endowment for the Arts' Heritage Fellowship izenarekin ezaguna den sari nazionala datorren irailean emango zaie Washington hiriburuan, gure bertsolariek euren trebezia eta jarduna aurkeztu eta publiko amerikar ez-euskaldunari jendaurretzeko balioko duen ekitaldi batean, Joxe Mallea-Olaetxe bertso-jartzailea ere lagun.
Aurretik, soilik beste euskal-amerikar musikari batek lortua zuen sari nazionala, Boiseko Jimmy Jausorok, 1985ean.
Orrialde osagarriak
National Endowment for the Arts
Aurtengo edizioan saritutako guztiak
National Endowment for the Arts
Lau bertsolariei saria emateko aitortu zaizkien balioak
Duela gutxi Renon bertsolaritzaz egindako Sinposioa
A Symposium on Oral Improvisational Poetry