euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Navarrorum' hitzaldiak, euskara eta Nafarroaz, bestelako hasiera emango dio San Miguel-en 2018ko euskal ikasturteari

2018/03/20

‘Navarrorum’ erakusketaren afixa
‘Navarrorum’ erakusketaren afixa

PUBLIZITATEA

2018ko egitaraua kaleratu du San Miguelen, Buenos Aires probintzian, Askatasunaren Bidea Euskal Elkarteak eta berritasun interesgarriak dakartza, hala nola Horacio Marottok  ‘Navarrorum, euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea’ izeneko erakusketari buruz apirilaren 7an eskainiko duen hitzaldia. Bihar, martxoaren 21a, bere Mus Tailerra inauguratuko du taldeak eta euskara klaseak eta euskara eta euskal kultura tailerra apirilean abiatuko ditu.

San Miguel, Argentina. Euskararekiko engaiamendu handia aitortu izan Buenos Aires probintziako elkarte honek; izan ere, urteak daramatza euskararen aldeko ekimenak garatzen eta klaseak eta tailerrak eskaintzen. Orain eta engaiamendu hori berriro ere dator azalera, ‘Navarrorum, euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea’ erakusketa “aurkeztuko” baitute sanmigueldarrek 2018ko ikasturte berri hasiera honetan iragartzen duten lehenengo hitzaldian.

Askatasunaren Bidean-eko erreferente den Horacio Marottok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Iruñean nengoelarik ikusi nuen 'Navarrorum' erakusketa, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean. Bildutako materiala oso balio handikoa zela ohartzean pentsatzen hasi nintzen nola egin Argentinan ere zabaldu ahal izateko. Beraz, argazkien bidez pdf bat prestatu nuen erakusketa osatzen duen materialarekin honen nolabaiteko erreplika eginez, eta hori da Martin Colombet gure euskara irakasleak eta biok aurkeztuko duguna”, adierazi digu Marottok.

Erakusketari dagokionez, ‘Navarrorum, euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea’ erakusketa Nafarroako Erret Artxibo Nagusiaren ekoizpen bat da eta bertatik erakusketa aurkeztuz esaten dutenez “ez da euskararen historiari buruzko erakusketa bat, baina, zernahi gisaz, aurre egiten dio erronka jakin bati: idazki batzuen bidez euskararen aztarna dokumentala agertzea, kontuan izanda ia mila eta bostehun urtean ahozko mintzoa izan zela. Ahozko hizkuntza, idazten ez zena. Erakusketarako, hiru dozena dokumentu hautatu ditugu. Euskarazko agiriez gain, euskarari buruzko agiriak ere badaude tartean. Den-denek badute bereizgarri bat, nafartasuna: Nafarroari buruzkoak, Nafarroan idatziak edo nafarrek eginak dira. Gehienak gure artxibo, museo eta liburutegietatik hartu ditugu, baina badaude Afrikako, Ameriketako eta Europako beste dokumentu zentroetakoak ere”.

Marottok eta Colombet-ek San Miguelen eskainiko duten hitzaldia apirilaren 7an izango da, 19etan, bertako Domingo Sarmiento Herri Liburutegian, Sarmiento kaleko 1503an. 

Musa eta euskara

Bihar bertan, mus tailer bat hasiko du Askatasunaren Bidea-k, arratsaldeko 4etan. Klaseak Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko Pablo Pavesaren esku egongo dira, hilean behin.

Euskara klaseak ere hastear daude San Miguelen. Hasierako mailako eskolak astelehenetan izango dira, 15:30etatik 18:30etara; eta aurreratuak ostiraletan, ordutegi berean. Eskolak musutruk dira, Martin Colombet irakasle.

Euskara eta euskal kultur tailerra hileroko azken ostiralean izango da 16etatik 18etara Mariana Fernandaz Castelliren ardurapean. Ekintza guztiak Sarmiento Herri Liburutegian dira.

Informazio gehiago eskuratzeko idatzi emaila askatasunarenbidea@gmail.com helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia