Buenos Aires, Argentina. Jose Antonio Beloquiren lana honako galderari saiatzen da erantzuten. Nafarroa duela berrehun urte Gaztelak konkistatu aurreko egituren jabe bazen --"erresuma bat beste erresuma baten barnean", zioten-- “1800. urtean, Nafarroak estatu bat eratzeko elementu guztiak baldin bazeuzkan... Zergatik ez dago gaur egun Frantziaren, Italiaren, Norvegiaren edo Mexikoren pare?”. Saiakeran zehar ibilbide interesgarria proposatzen du idazle iruindarrak: “XIX. mende hastapenetan abiatuta, Nafarroa ia burujabea zela, baina hori frankismotik demokraziarantz igarotzean amaitu zela, Nafarroa autonomia gisa eratuta, estatu deszentralizatu baten barruan”.
Mintzoa Argitaletxeak kaleratuta, apirilean aurkeztu zuen Beloquik bere lana Iruñean. Orain ‘Navarra ¿Por qué no es un estado?’ (Nafarroa, zergatik ez da estatua?) Argentinara iritsiko, 20 dolarretan salgai. Interesatuek mezua bidali behar dute kontaktu honetara edo +54 9 341 511 0138 telefonora deitu.
Gogora dezagun Jose Antonio Beloqui topografoa dela baina historiarekiko eta batez ere Nafarroaren historiarekiko interesak bultzatu duela hainbat topiko kolokan jartzera. Hau du bere lehenengo liburua. Historiarekiko bere zaletasunaz gain Beloqui Geroa Bai-ko Uharteko Udaleko zinegotzia da eta jeltzalea, Napar Buru Batzarreko kide.