euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Naturbidea: Hego Konoan barrena bizikletaz euskal etxeetan bisitari, "giza harreman bidaia izugarri" bateko partaide

2024/03/04

Goian, Aitor Intxaurraga & Elena Ocasar Buenos Airesko Euskaltzaleak-en, “GR-282 Artzaintza Naturbidea” dokumentala aurkezten; eta Gral. Rodriguezen, irratian, Raul Tarettorekin. Behean, Buenos Airesko Laurak Baten eta Arrecifesko Euskaldunak Denak Baten
Goian, Aitor Intxaurraga & Elena Ocasar Buenos Airesko Euskaltzaleak-en, “GR-282 Artzaintza Naturbidea” dokumentala aurkezten; eta Gral. Rodriguezen, irratian, Raul Tarettorekin. Behean, Buenos Airesko Laurak Baten eta Arrecifesko Euskaldunak Denak Baten

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aitor Intxaurragak 1998an Argentinara egindako lehen bidaiak zapore gazi-gozoa utziko zion ziurrenik. Bere ametsa, eta bidaia haren helburua, Aconcaguako gailurrera iristea zen, euskal mendizale ospetsu Juanito Oiarzabal lagun, baina bat-bateko osasun arazo batek eragotzi zion. Hala ere, gertakaria ez zen oztopo izan zeanuritarrak Hego Konoarekiko bere idilioa hasteko. Harrezkero, hamaika bidaia egin ditu munduko alde honetara. Eskarmentu handiko txirrindularia, oraingoan Elena Ocasar lagunarekin itzuli da Argentinara. Entre Rios, Córdoba eta Buenos Aires probintzietan zehar ibili dira txirringaz. Bide horretan, zenbait euskal etxe ere bisitatu dituzte "GR-282 Artzaintza Naturbidea” dokumentala aurkeztuz, Euskal Herriko artzaintzaren antzinako ibilbideari buruz egin duen ikus-entzunezko ederra.

Luzera ertaineko film honek Víctor Luis de Pedrok egindako bidaia jasotzen du, euskal artzain nomadek, denboran zehar, larre berdeen bila egin ohi zutena. Pelikula paisaia ederrak bisitatzeko gonbidapena da, artzain-bordek, tren geltoki zaharrek, aterpetxe txikiek eta gizakiaren beste aztarna batzuek markatutako eremu, ia 500 kilometroko bide berdeetan zehar, gaur egun aisialdirako baliabide berreskuratuak, egokiak ibilaldietarako, edota bizikletaz edo zaldiz egiteko.


“GR-282 Artzaintza Naturbidea” dokumentalaren trailerra 

Euskal Etxeak txirringaz bisitatzen, giza harreman bide eder

Uruguain hasi zuten ibilbidea, duela hiru hilabete. Montevideo atzean utzita, herrialdea ipar-mendebalderantz zeharkatu zuten, Saltoraino. Han zeuzkaten zain Saltoko Euskalduen Taldeko lagunak, prest GR-282ren lehenengo emanaldirako. Saltotik, beti bizikletaz, Argentinara abiatu ziren. Muga Concordiatik pasatu eta bertatik Cordoba probintziara. Villa Mariako Euzko Etxean harrera abegikorra egin zieten. Bidaia Buenos Aires probintzian sartuz jarraitu eta Arrecifesen, Euskaldunak Denak Baten egoitzan dokumentala aurkeztu zuten, Euskal Etxeko kideekin gau ederra partekatuz. Hurrengo geldialdia General Rodriguez. Eta Aitor Intxaurragaren hitzak ekarriz "enbaxadore gisa errezibitu gintuzten". Eusko Aterpean, filma proiektatu eta General Rodriguezko 89.5 Udal Irratian elkarrizketatu zituzten.

Montevideora itzuli aurretik, datorren astean bertako Euskaro Euskal Etxean aurkeztuko baitute dokumentala, Buenos Airesen egin zuten azken geldialdia. Laurak Bat Euskal Etxea bisitatu zuten. Eta joan den ostiralean, martxoaren 1ean, “GR-282 Artzaintza Naturbidea” filma pantailaratuz Euskaltzaleak-en eskainitako azken emanaldiarekin despeditu ziren Argentinaz. Abiatu baino ordu batzuk lehenago, pozik mintzatu da EuskalKultura.eus-ekin Aitor Intxaurraga. “Bidaia ikusgarria izan da", esan digu. "Beste batzuetan guztia natura baizik ez da izan eta honakoan, giza harrema bidaia ikusgarri bat izan dela esan dezaket, kate bat, pertsona batek beti beste batengana konektatu gaituen kate bat”, baitetsi du... Baina horrez gain, igaro diren lekuetan, euren anfitrioiek hedabide honi jakinarazi diotenez, oroitzapen zoragarria utzi dute. Eskerrik asko bisitagatik eta hurrengora arte!

Aitor eta Elenarekin harremantzeko, bisitatu www.gzt.es webgunea (info@gzt.es).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia